ERREPORTAJEA. Euskararen egunerokoan ardazketa
Aste honetan 20 urte bete dira GOIERRIKO HITZA egunkariaren lehenengo zenbakiak argia ikusi zuenetik. Euskarazko prentsa zabaltzeko estrategia nazional-lokalaren emaitza zen, eskualdea batu zuena.
Euskaldunon Egunkaria-ren garaikoa du sorburua GOIERRIKO HITZAk. Nahiz eta argia ikusi zuenerako hura itxia zeukaten, ideia eta planteamendua 2001ekoa dute tokiko euskarazko prentsa idatziaren eguneroko agerkariek. Tolosaldean Egunero izan zen aurrena, Egunkariaren Herri Informazioa enpresak eta Tolosaldeko euskalgintzak eta tokiko aldizkariek elkarlanean sortua.
2001eko abenduaren 18an atera zen tokiko egunkarien aitzindaria. Jarraian, asmoa zen beste eskualde batzuetan zabaltzea egitasmoa. 2002an, adibidez, Donostian eta Urola Kostan hasi zuten lanketa. «Ez zen garai erraza, eta hasiera zaila izan zen. Ezker abertzalearen ilegalizazio garaia zelako; guk sektore hori ere kontuan hartu genuen proiektua azaltzeko eta. EAJk eta EAk ez ziguten diru laguntza ematen, jaurlaritzatik, aldunditik edo udaletatik. Alde ekonomikoan, gure irizpideak jartzen genituen mahaian: diru iturri propioak izango genituela, baina udalek ere lagundu behar zutela, modu garrantzitsu batean lagundu ere», gogoratu du Herri Informazioa enpresan sortze lanetan jardun zen Enekoitz Esnaolak.
«Produktu on bat» egitea izan zen, hasieratik, HITZAren irizpidea. «Jendeak horregatik hartu behar zuen HITZA, horrela egingo genion on euskararen normalizazioari».
Egunkaria-ren itxiera etorri zen orduan, 2003ko otsailaren 20an. Tokiko egunkarien zabalkunde prozesua moteldu bai, baina ez zuen eten. Tolosaldean Egunero, gainera, egunkari nazionalaren jarraipidea ziurtatzeko euskarri izan zen, Egunkaria itxi eta biharamunean atera baitzen Egunero.
Ez berehala, baina berriro ekin zieten eskualdeetako egunkarien langintzari ere. HITZA marka hartuta, Tolosaldean, Oarsoaldean, Lea-Artibain eta Urola Kostan ikusi zuen argia.
Bosgarrena Goierrin
Bosgarren HITZA izan zen Goierrikoa, 2004ko urriaren 5ean lehen zenbakia aterata. «Ja sorrera faseko mekanika hartuta genuen: kazetariei ikastaroa eman, bilerak euskara elkarteekin eta udalekin, bideragarritasuna nahiko ondo kalkulatua, harpidetza kanpainaren estrategia, nolako egunkaria… Gero, tokian-tokian egokitu egin behar. Goierrin ere ondo moldatu ginela esango nuke. Euskaldun asko daude Goierrin, eta ikusten genuen bazegoela potentziala», dio Esnaolak.
«Alde ekonomikoan, gure irizpideak jartzen genituen mahaian: diru iturri propioak izango genituela, baina udalek ere lagundu behar zutela, modu garrantzitsu batean lagundu ere»
«Bi egunerokoen artean hedapen maila handia lortzea zen helburua, informazioaren erreferentzialtasuna lortu, publizitate etxe handiak erakarri eta eragile gisa indartuta»
Enekoitz Esnaola. Egunkariaren Herri Informazioa
HITZA guztien nortasuna barneratu zuen Goierriko egunkariak ere. Marka bera (HITZA), egunkari formatua, argitalpenak asteko sei egunetan (astelehenetan ez, beste denetan), diseinu bera, kazetaritza estilo bera, banaketa eredu bera… «Horrekin guztiarekin, helburua zen nazionala-lokalak estrategia bat lantzea». Egunkaria-k hasieran eta Berria-k gero hartu zuten nazionalaren papera, eta Hitzek tokikoetakoa. «Bi egunerokoen artean hedapen maila handia lortzea zen helburua, informazioaren erreferentzialtasuna lortu, publizitate etxe handiak erakarri eta eragile gisa indartuta».
Goierri osokoa
Beste berritasun handi bat ere txertatu zuen GOIERRIKO HITZAk: eskualde osoa hartu zuen, goialdea eta behea uztartuta. Alde batetik, Urolako Kostako Hitza ordurako sortuta zegoen, 2004ko otsailetik. GOIERRIKO HITZA, bestetik, behealdeko herriekin soilik sortuz gero, «irla modura» geratuko ziratekeen Goierri Garaiko Legazpi, Urretxu eta Zumarraga, tokiko prentsaren eremu beregain izateko murritzegi.
Beste argudio bat, bateratzeko ezinbesteko pisua eduki zuena, Goierri Garaiko euskalgintzaren sustengua eta komentzimendua izan zen. «Goierri beherako joera zutela ikusita, egokia ikusten zen herri haiek proiektuan sartzea. Eskualdeko jendeak garbi ikusten zuen hori dena. Horrek denak masa bat ere ematen zion egitasmoari: herritar, udal eta bestelako eragile gehiago, irakurle gehiago eta aktibitate handiagoa».
Elkarlanaren fruitua
Berria Taldeko Bertako Hedabideak enpresak bultzatuta –Egunkariaren Herri Informazioa klausuratuaren lekukoa hartu zuen–, Goierriko herri aldizkarien eta euskalgintzaren gainean kokatu zen Goierriko Hitza-ren proiektua, 2004an zehar. Goierri beheko 19 udalerrietako tokiko informazioa lantzen zuen Goierritarrak Kultur Elkartea –Goierritarra hamabostekariaren argitaratzailea– eta Urretxu-Zumarragako Zintzo Mintzo euskara elkartea –Otamotz herri hilabetekariaren eragilea– sartu ziren enpresa editorearen egituran. Babes sozial handia jaso zuen GOIERRIKO HITZAk hasieratik .