Ateak Ireki programa izango da 2025ean ere
Gaur irekiko dute izen-ematea, AEBetako gazteentzat zein Goierriko familientzat.
AEBetako euskal diasporako edo euskaldun jatorriko zein haien ondorengo gazteek egonaldia egin ahalko dute, 2025eko udan ere, Goierrin. Ateak Ireki programaren hirugarren ekitaldia antolatuko duela iragarri du aste honetan Batzen elkarteak. Gazte euskal-estatubatuarren eta goierritarren artean zubiak eraikitzen jarraitzea izango da helburua, beste behin.
Datorren udan ere hiru asteko egonaldia egingo dute, Goierriko familietan. Datak zehaztu dituzte: ekainaren 28tik uztailaren 20ra egongo dira. Hiru aste horietan, euskara, aisialdia, gazteen arteko ekimenak eta kultur bidaiak tartekatuko dituzte.
Aurtengo udan garatu duten egitarauaren antzekoa izango dutela aurreratu du Ateak Irekiren koordinatzaile Ander Elorduik. Lazkaoko Maizpide euskaltegian euskara eskolak hartuko dituzte estatubatuarrek, eta Euskal Herri osoan txangoak egingo dituzte etxeetako gazteekin batera. Goierrin ere antolatuko dizkiete festak eta topaketak. Asteburuak libre izango dituzte, familiekin egoteko edo ibiltzeko.
Izen-ematea, gaurtik
Ateak Irekiren 2025eko egonaldirako denborarekin hasi nahi dute antolakuntza. Izen-emate epea gaur irekiko dute, bai egonaldira etorri nahi duten gazte estatubatuarrentzat –NABO euskal etxeen federazioak sustatzen du AEBetan programa–, eta bai gazte horiek etxean hartu nahi dituzten Goierriko familientzat. Horretarako bidea eta informazio gehigarria ateakireki.eus webgunean dago.