Pantailen gehiegizko erabileraz hausnartzeko lan saioak
Ostiralean eta astelehenean dira saioak, taldeka. Parte hartzeko izena eman behar da otsailaren 20rako. Altxa Buruak ere martxorako formazio saioak antolatu ditu.

Pantailen gehiegizko erabilerak nerabeengan duen eraginaren kezka Zegamara ere iritsi da. Hori horrela, Pantailen gehiegizko erabileraren prebentzioa eta kontrola izenburupean lan saioak antolatu ditu datozen egunetarako Zegamako Udalak herriko gazteei, gurasoei eta Aitxuri herri eskolako irakasleei zuzenduta. Bestalde, Zegamako Altxa Burua taldea ere martxan da orain urte bete pasatxotik, hain zuzen, kezka bera partekatzen duten herriko hainbat gurasoren ekimenez. Martxorako formakuntza saioak antolatu dituzte teknologia berrien erabileraz hausnartzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Cyber Zaintza agentziaren eskutik antolatuko dituzte pantailen gehiegizko erabilerari buruzko lan saioak. Urtero lantzeko gai ezberdin bat aukeratzen dute, eta cyber bulliyng-a edo segurtasuna Internet-en bezalakoak landu dituzte orain arte. Aurtengoa ez dute ausaz aukeratu, «Zegaman Altxa Burua taldea martxan jarri dela eta, beraiekin adostuta aukeratu da aurtengo gaia», azaldu du Ainitze Azurmendi, Zegamako Udaleko gazteria suspertzaileak.
Ostiralean, 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako saio bat egingo da (17:00etan) eta astelehenean, otsailak 24 Aitxuri herri eskolako irakasleentzako bat (16:15ean) eta gurasoei zuzendutako beste bat (18:00etan). Saio guztiak gaztelekuan izango dira. Gazteek gaztelekuko drive-an eman behar dute parte hartzeko izena eta gurasoek liburutegian; otsailaren 20a da azkeneko eguna. Sentsibilizazio saioak izango dira «bi ordutan ezin daiteke asko egin; baina zer dagoen ikusteko eta informazio zabaltzeko balioko dute», adierazi du Azurmendik.
Atzeratzearen alde
2023-24 ikasturtean jarri zen martxan Altxa Burua taldea Zegaman. «Lehen mugikorra emateko adina atzeratzea izan zen helburu nagusia», kontatu du Nerea Carton, taldeko kideak. Zegaman LH 6. mailatik DBH 1. mailara pasatzeko urte horretan «ohikoa» bihurtu da seme-alabei mugikorra «oparitzea»: «Gure kasuan herri aldaketa ere suposatzen du, adin horrekin haurrak Beasainera joaten direlako», zehaztu du Cartonek. «Taldean hausnartzen hasi ginen ea beharrezkoa zen adin horretan mugikorra ematea edo gure haurrak oraindik mugikorrik gabe bizitzerik ba ote zuten», dio.
Irailean, ikasturte hasierako bilerak probestu zituzten Altxa Burua taldea gainontzeko gurasoei aurkezteko. Lehendabiziko emaitzak ez zuten luze itxaron. «LH 6ko guraso talde batek, momentuz seme-alabei mugikorrik ez ematea adostu eta idatziz jaso zuten». Izan ere, gaia «kintaka lantzea» beharrezkoa dela ikusi dute.
Atzeratzearena da helburuetako bat, baina behin mugikorra edukita «nola erabili» jakitea eta erakustea ere bada beste bat. «Kalean askotan ikusi izan ditugu nerabeak frontoi ondoan eserita, bakoitza bere mugikorrarekin eta elkarrekin komunikatu gabe». Irudi horiek saihesteko beharrezkoa da informatzea eta gurasoen artean hainbat muga adostea, «adibidez, egun edo ordu jakinetan mugikorrik gabe kalera ateratzea».
Helburu horrekin Teknologia berrien erabilera arduratsu baterako heziketa programa lehen eta bigarren hezkuntzan formazio saioak antolatu dituzte martxorako Mikel Cerezorekin; nerabe, guraso eta irakasleei zuzenduta.