Gazteen VII. Aurresku txapelketa jokatuko da Legazpin
2010. eta 2011. urteetan jaiotakoen txapelketa da Legazpin jokatuko dena. 17:00etan hasiko da, azokan, hamahiru dantzarirekin. Eider Carballo eta Jon Alberdi legazpiarrak ariko dira.

Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak, Sustraiak Dantza Taldeak, Legazpiko Udalak eta Erein Elkarteak antolatuta, gazteen mailako gipuzkoar erako VII. aurresku txapelketa nagusietako bat Legazpin jokatuko da aurten ere. Larunbatean izango da, maiatzaren 17an, azokan, 17:00etan hasita. Sailkatze txapelketetan parte hartu duten dantzari gazteen artean onenak final handietan izango dira. Larunbatekoa, Legazpin, D sailekoen txapelketa nagusia izango da, 2010. eta 2011. urteetan jaiotakoena, alegia; A eta B sailetakoak, aldiz, maiatzaren 24an izango dira, Errenteriako Niessen kulturgunean. Atzo aurkeztu zuten ekimena Legazpin.
Larunbatean, hamahiru dantzarik parte hartuko dute D saileko finalean. Graziana, Aurkez aurke eta Legazpi zortzikoa dantzatuko dute, Gipuzkoako ohiko jantziez hornituta. Hamahiru dantzarien artean, bi legazpiar daude: Eider Carballo Zabalo eta Jon Alberdi Garde. Gainontzeko dantzariak dira Intzara Gurrutxaga (Areso), Mairi Maya (Errenteria), Maiana Gracia (Errenteria), Nora Davila (Zizurkil), June Aguado (Amasa-Villabona), Aiara Aburuza (Aduna), Danel Castillo (Pasai Donibane), Julen Lertxundi (Asteasu), Naroa Del Rio (Tolosa), Onditz Esnaola (Lizartza) eta Amane Uranga (Tolosa). Legazpiko Goiz Deia txistulari taldeak jarriko du musika.
Jose Luis Vallejo tolosarrak, Katerin Artola oiartzuarrak eta Nahikari Vizuete lezotarrak osatuko dute epaimahaia. Lehenengo sailkatuak buruzagi makila eta Juan Mari Burgueraren eskultura jasoko du; bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren sailkatuek trofeoa, eta gainontzekoek oroigarri bana. Sari bereziak ere egongo dira: irabazlearen irakasleari oroigarria, ongien sailkatutako herritarrari oroigarria eta jantzi egokienari saria. Azken sari hori erabakiko duten epaileak Maria Luisa Mendizabal eta Isabel Aztiria legazpiarrak izango dira.
Beste sei goierritar
D sailean ariko diren bi legazpiarrez gain, beste sei goierritarrek parte hartuko dute txapelketan, A eta B sailetan. A sailean, 2015, 2016 eta 2017. urteetan jaiotakoak ariko dira, eta bertan dantzatuko dute Laia Illarreta legorretarrak eta Sara Escudero legazpiarrak. B sailean, aldiz, 2012, 2013 eta 2014. urteetan jaiotakoek dantzatuko dute, tartean June Osinalde, Araitz Berasategi, Nora Lafuente eta Nora Escudero legazpiarrek.
Emanaldia atsedenaldian
Bi saioetan, larunbatekoan eta hilaren 24an, epaimahaiak azken erabakia hartzen duen bitartean, haur dantza taldeek emanaldi bat eskainiko dute. Legazpin, Sustraiak dantza taldeko gaztetxoek Agurra eta Ormatxulo eskainiko dute, eta Errenterian, Herri Arte dantza eskolako euskal dantzako ikasleek ezpata-dantza eta brokel saileko dantza ezberdin batzuk egingo dituzte.