V. Margolan tailerra, bihar Zaldibian
16:00etan elkartuko dira plazan. Bosgarren edizioa izango da.

Zapiak Bat elkarteak, bosgarren urtez jarraian, margolan tailerra antolatu du etxeko txikienentzat. Haurren sormena eta irudimena bultzatzen dituen jarduera da, eta bosgarren edizioa izango da aurtengoa. Bihar, 16:00etan elkartuko dira plazan, eta Zaldibiako txoko edo paisaiak akuarelaz margotuko dituzte. Horretarako beharrezkoa den euskarria eta materiala bertan emango zaie parte-hartzaileei; arkatza eta goma besterik ez dute eraman beharko. LH3tik gorako haurrek plazan egingo dute jarduera, eta DBHtik gorakoek, berriz, Gaztelekuan. Dena den, margolari bakoitza libre izango da Zaldibiako edozein txokotara mugitu eta bertan margotzeko. Lanak 18:00etarako bukatu beharko dira, eta orduan egingo da sarien zozketa: otarteko eta edari bonoak, kamisetak, oihalezko poltsak… Bertaratzeko interesa izan dezakeen orori gonbidapena egin diote.