Amiantoak eraginda hildako gizonezko baten familiak kalte ordaina jasoko du
Patrizio Etxeberriaren enpresan lan egin zuen, eta 2008an hil zen. Sidenor eta CIEk ordaindu beharko dute kalte ordaina, Auzitegi Gorenak emandako behin betiko epaiari jarraituz.
Patrizio Etxeberriaren lantegia zaharra. Auzitegi Gorenak berretsi egin du beste behin amiantoak eragindako minbiziaren inguruan Eibarko Lan Arloko Epaitegiak Legazpiko Patrizio Etxeberria enpresaren ondorengo CIE eta Sidenor enpresei ezarritako kalte ordain baten ordainketa.
Iazko martxoaren 25ean, 2008an biriketako minbiziaren ondorioz hil zen langile baten alargunarentzat eta bi semeentzat 281.686 euroko kalte ordaina ematera kondenatu zituen bi enpresak Eibarko Epaitegiak, baina epaia errekurritu egin zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian. Honek ez zuen errekurtsoa onartu, eta azkenik Auzitegi Gorenera jo zuten, eta honek behin betiko epaia eman du, kalte ordainaren alde, heriotza amiantoak eragin zuela onartuta.
Kalte ordaina hiru zatitan banatuko da: alargunak 121 073,73 euro jasoko ditu, 98.838,87 euro seme gazteenak, eta 61.774,29 euro seme zaharrenak. Horien senar eta aita zena 2008an hil zen, biriketako minbiziaren diagnostikoa jaso eta hilabetera. Gizonak Patrizio Etxeberriaren lantegian egin zuen lan garabilari eta galda arduradun gisa 1976 eta 2008 bitartean.












