«Gure seme-alabek ez dute merezi 200 metroko alde hutsagatik eskubide bat galtzea»
DBH3ko eta DBH4ko Zaldibiako ikasleei eskola garraioa kentzeko erabakia berrikus dezala eskatu diote Hezkuntza sailari herri-agerraldi jendetsu baten bitartez.
Zaldibian eskola garraio publikoaren alde atzo iluntzean egindako agerraldiaren argazkia. Iñaki Gurrutxaga Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak Eskola garraioa arautzeko onartutako 164/2023 Dekretua indarrean jartzeak eragina izan du Zaldibian. Hezkuntza sailak erabaki du DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxetik 4 kilometro baino gutxiagora bizi diren ikasleek ez dutela eskola garraio zerbitzurako eskubiderik izango. Zaldibiatik Ordiziako Oianguren instituturako distantzia 3,8 kilometrokoa da, eta argudio hori erabaki du zerbitzua eteteko. Neurri horrek Zaldibiako DBH3ko eta 4ko 40 ikasleri eta haien familiei eragiten die. DBH1koak eta 2koak salbuetsita daude, horien kasuan 2 kilometrokoa baita distantzia muga.
Atzo iluntzean herri-agerraldia jendetsua egin zuten Zaldibiako plazan Hezkuntza sailak hartutako erabakiaren aurrean “protesta eta desadostasun irmoa” adierazteko. Naiara Etxeberria eta Unai Beloki gurasoek irakurri zuten eskola komunitateak adostutako adierazpena, eta haiekin batera egon ziren mahaian Zaldibiako alkate Ioritz Berra, Zaldibiako Lardizabal herri eskolako zuzendaritzako kide Margari Eizagirre eta Ordiziako Oianguren institutuko zuzendari Gorka Arretxe. Zaldibiako Udalak adierazpen instituzional bat onartu zuen joan den uztailaren 2an, eta Arretxek bera atzo adierazi zuen institutuko zuzendaritzak erabat egiten duela bat Zaldibiako ikasleen eta gurasoen eskakizunekin. Zaldibiako Ausa-Gaztelu guraso elkartearen eta Ordiziako Institutuko Oiangu guraso elkartearen babesa ere jaso dute.

Agerraldiaren aurretik zein ondoren Hezkuntza sailaren erabakiaren aurkako sinadurak biltzen aritu dira.Iñaki Gurrutxaga
Mezu argi bat helarazi nahi izan diote Hezkuntza sailari: “Eskatzen diogu neurri hau berrikus dezala eta eskola garraio zerbitzua mantentzeko beharrezko urratsak egin ditzala. Gure seme-alabek ez dute merezi 200 metroko alde hutsagatik eskubide bat galtzea”.
Erabakiaren ondorioak aztertu gabe
“Jakina da hezkuntza sistema sendo eta kalitatezkoa izatea edozein gizarteren oinarri nagusienetako bat dela. Horregatik, Zaldibiako DBH3 eta DBH4ko ikasleen gurasook kezka, desadostasuna eta haserrea adierazi nahi ditugu Eusko Jaurlaritzak datorren ikasturtetik aurrera gure seme-alabei eskola garraio publikoa kentzeko hartu duen erabakiaren aurrean”, esanez hasi dute agerraldia, eta adierazi dute uste dutela ez direla behar bezala aztertu erabaki honek izango dituen ondorioak.
Zaldibiako gurasoek eta eskola komunitateak uste dute ez direla behar bezala aztertu erabakiaren ondorioak
“Harrigarria da hezkuntza komunitate oso bati eragiten dion neurri hau hartzea, ikasleen segurtasunean, familien eguneroko antolaketan, aukera-berdintasunean eta mugikortasunean izango duen eragina behar bezala baloratu gabe”. Uste dute “erabakia kontraesanean” dagoela Eusko Jaurlaritzak “etengabe” aldarrikatzen dituen printzipioekin: aukera-berdintasuna, jasangarritasuna, mugikortasun jasangarria, lurralde kohesioa eta landa eremuen garapena.
Herri txikien eskubideen galera
Eskola Garraioa arautzen duen 164/2023 Dekretuan oinarrituta hartu du erabakia Hezkuntza sailak. Dekretua orain hiru urte onartutakoa da, baina orain jarri dute indarrean. “Argi dago ez direla kontuan hartu herri txikietako ikasleen eta familien benetako beharrak. Gogoratu behar da 1996an, DBH ezarri zenean, Zaldibiako ikasleak 12 urterekin herritik kanpo ikastera joatera behartu zituztela, herritarren borondatearen aurka. Orain, badirudi landa eremuetako herri txikiek urteetan jasandako eskubide galeraren bidean beste urrats bat emango dela”, nabarmendu dute.

Zaldibiako Udalak, Ordiziako Oianguren institutuak eta Zaldibiako Lardizabal herri eskolak bat egin dute gurasoen eskakizunekin.Iñaki Gurrutxaga
Eta honako galdera ere plazaratu dute agerraldian: “Zergatik izan behar dute Zaldibiako gazteek inguruko beste herrietako adinkideek baino eskubide gutxiago?”. Uztailaren 2an “kexa formala” helarazi zioten Hezkuntza sailari, eta hurrengo egunean jasotako erantzunak zioen
Zaldibiatik Ordiziako Oianguren ikastetxerainoko distantzia 3,8 kilometro dela, eta beraz, eskola garraioa ez dela Hezkuntza Sailaren eskumena.
Herri txikien eskubideen galeran “beste urrats” dela adierazi dute, Zaldibiaren eta Ordiziako institutuaren artean dagoen distantzia argudiotzat hartuta
“Benetan 200 metroko alde hutsalagatik galdu behar dute gure seme-alabek eskola garraio publikoa erabiltzeko eskubidea? Onargarria al da derrigorrezko hezkuntzako ikasleen garraioaren ardura Foru Aldundiaren, udalaren edo familien esku uztea haien erantzunean adierazi duten moduan?”, galdetu dute berriz ere. Hezkuntza sailak, alternatiba gisa, Lurraldebuseko garraio publikoa erabiltzeko proposamena egin die. “Denok dakigu eskualdeko autobus zerbitzuen maiztasun eta mugak zeintzuk diren. Irtenbide horrek ez luke bermatuko eskola garraioak eskaini beharreko baldintzak betetzea: ordutegi egokiak, ikasleen segurtasuna, eserleku bana izatea eta doakotasuna”.
Administrazio koherentziaz jokatzeko deia
Gurasoek argi dute ez dutela pribilegiorik eskatzen, eskatzen dutena da haien seme-alabek hezkuntzarako sarbidea segurtasunez, duintasunez eta aukera-berdintasunean izatea. “Eskola garraioa ez da erosotasun hutsa; zerbitzu publiko funtsezkoa da landa eremuetan bizi diren familien egunerokoa ahalbidetzeko”.
Pribilegiorik ez, gurasoak eskatzen dutena da haien seme-alabek hezkuntzarako sarbidea segurtasunez, duintasunez eta aukera-berdintasunean izatea
Horregatik, “administrazio guztiei koherentziaz jokatzeko” eskatzen diete. “Printzipioak aldarrikatzea ez da nahikoa; printzipio horiek erabaki zehatzetan islatu behar dira. Pertsonak, haien segurtasuna eta hezkuntzarako eskubidea izan behar dira erdigunean”.













