Eskola garraioa bermatzearen eskaera Jaurlaritzari
Hezkuntza Sailak DBH 3. eta 4. mailetako ikasleei autobus zerbitzua kendu die. Zaldibiako Udalak herri osoaren izenean erabakiarekiko "desadostasuna" agertu du adierazpen instituzional baten bidez.
Zaldibiako udaletxearen irudia.Hitza Zaldibiako Udalbatzak eskola garraioa bermatzearen aldeko adierazpena onartu zuen aurreko ostegunean aho batez, EH Bilduko eta EAJko hautetsien aldeko botoekin. Izan ere, datorren ikasturteari begira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak DBH 3. eta 4. mailako ikasleak insitutura joateko autobusik gabe utzi ditu. Bizilekutik ikastetxera 4 kilometro baino gutxiagora daudela arrazoituz.
Erabaki horrek zaldibiar gazteei eta haien familiei “aukera-berdintasuna, hezkuntzarako eskubidea, jasangarritasuna eta landa-eremuen garapenean” eragingo diela adierazi du Udalbatzak. Erabakia mantenduko balitz, gainera, institutuko joan-etorria egiteko “bide zail” eta “arriskutsua” egin beharko dutela “40tik gora ikaslek” azaldu du Zaldibiako udalak.
Zaldibiako herri osoak beren “desadostasuna” agertu dute erabaki “ulertezin” horren aurrean. Horregatik hiru puntu onartu zituen bere adierazpenean Udalak: “Batetik, Jaurlaritzak erabakia berraztertu dezala eta ondorio guztien jabe egin dadila; Bigarrenik, inplikatutako familiekin Jaurlaritzak elkarrizketa ireki dezala konponbide bat bilatzeko; Azkenik, Jaurlaritzaren betebeharra da instituturik gabeko herrietan ikasleei eskola garraioa bermatzea, eta Udala ere zerbitzu publikoen borrokara batuko da erabaki honetan atzera egin ezean”.
Honela dio, hitzez hitz, Zaldibiako Udalaren adierazpenak:
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
2025/2026 ikasturtea bukatu berri delarik, Oianguren BHIko Zuzendaritzak datorren kurtsoan DBH 3. eta 4. mailetan ikasiko duten ikasleen familiei jakinarazi die Hezkuntza Sailak ez diela datorren ikasturtetik aurrera eskola-garraio zerbitzurik eskainiko. Bizilekutik ikastetxera 4 km baino gutxiago daudela-ta hartu dute erabakia, horrek zaldibiar gazteen eta hauen familien egunerokoan, aukera-berdintasunean, hezkuntzarako eskubidean, jasangarritasunean eta landa-eremuen garapenean duen inpaktu zuzena aintzat hartu gabe, besteak beste.
Erabakia mantenduko balitz, irailetik aurrera egunero institutuko joan-etorria egiteko bide zail eta ikuspegi orotatik kaltegarri eta arriskutsua izango dute Zaldibiako 40tik gora ikaslek: familien auto pribatuaren menpe ibiltzea, garraio publikoan ez kabitzea momenturen baten, edota autoentzat egindako errepidean oinez edo bizikletaz ibiltzea. Argi eta garbi irtenbide desegoki eta kaltegarriak guztiak.
Aldebakarreko erabaki ulertezin eta zerbitzu publikoen murrizketa honen aurrean, Zaldibiako ikasleek eta haien familiek, eta oro har, hezkuntza komunitate eta herri osoak, beren desadostasuna agertu dute eta hartarako antolatzen hasi dira. Egungo ikasleen eskubideen alde eta etorriko direnen alde.
Horregatik, Zaldibiako Udalbatzak honakoa onartu du aho batez:
1-Zaldibiako Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio berraztertu dezala erabakia eta haren ondorioen jabe egin dadila.
2-Zaldibiako Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ireki dezala elkarrizketa inplikatutako familiekin, guztiontzat bidezkoagoa, seguruagoa eta koherenteagoa den konponbide bat bilatzeko. Beharko balitz, Zaldibiako Udala prest dago bitartekaritza lanak egin edota konponbidearen alde lan egiteko.
3-Zaldibiako Udalbatzak adierazten du herrian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza zentrorik ez izanda, Jaurlaritzaren betebeharra dela haurrei eskola garraioa jartzea. Hezkuntzarako eskubidea eta landa-eremuaren garapena oinarri izanik, zerbitzu publikoen aldeko borroka ekimenetara batuko da Udala ere, Eusko Jaurlaritzak murrizketa erabaki honetan atzera egin ezean.
EH Bilduko eta EAJ-PNVko ordezkarien aldeko botoekin aho-batez onartua
Zaldibian, 2026ko uztailaren 2an













