Munduko arrozen festak forma hartu du
San Ignazio auzoko jaietan ospatuko da, uztailaren 31n. Bederatzi herrialdetako arrozak dastatu ahal izango dira bazkarian, dohainik.
San Ignazioko Buskabaso elkarteak auzoko jai batzordearekin lankidetzan antolatu duen Munduko Arrozak festak forma hartu du. Uztailaren 31n ospatuko da, auzoko jaien barruan, eta herriko Taupadak eta Mundutik Legazpira elkarteen partaidetza izango du.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Munduko Arrozen festak arroz ezberdinak partekatzean datza, eta “horrela, kulturartekotasuna eta elkarbizitza ikustarazi eta sustatu nahi ditugu”. Mundu osoko bederatzi herrialdetako arrozak dastatzeko aukera izango da lehen edizio honetan.
Ekintza 12:00etan hasiko da, eta sukaldariek arrozak kozinatzen dituzten bitartean, haurrentzako ludoteka bat egongo da. Gainera, “kultur aniztasuna lantzea helburu” izango duten haur jolasak eta jolas kooperatiboak egongo dira.
Kozinatze lanak amaituta, bazkaria hasiko da 14:00etan, “eta bazkari luze bat espero dugu”. Dohainik izango da.












