Okindegi barruraino sartu da kuiatxoa
Aranaren denboraldi bete-betea da, eta geroz eta eskaintza handiago dago. Porruak aldatzeko garaia ere bada.
Barazkiak, ogia, fruta, esnekiak, landareak… Ordiziako azokak ez du etenik uda-udako asteazkenetan ere, eta zer erosi eskaintzen du astero, baita produktu berriak aurkeztu ere gehienetan. Gaur eskaintzarik ez da faltatu, eta berritasunak ere ikusi dira.
Ogiaren atalean, Maite Iturberen postua aipatu behar da lehenik, Udanako okindegiraino sartu delako baratzea aurten ere udako produktuekin. Ez da lehen aldia, aurretik ere egin izan ditu Iturbek ogi opilak kuiatxoekin, eta arrakasta izan zutenez, berriz ere egin ditu uda honetan. «Baratzean barra-barra egoten dira udan, eta irteera ematen diet horrela», azaldu du. Opil borobilak eta luzeak ditu aukeran, bakoitza 0,90 euroan. Aurrerago, «iraila aldera», kuiarekin ere egingo ditu ogi txikiak. Modu honetara, ogi eskaintza zabaldu egiten du bere postuan, baita azoka osoan ere.
Aranak eta sagarrak
Zabaltzen ari den beste produktu bat arana da. Orain arte horia, gorria eta gorri iluna izan dira aukeran, eta gaurtik, baita berdea ere, Maria Jesus Oriaren postuan. Ez da Klaudia motakoa, baina jateko gozoa bai, hori bezala. Kiloa 3 euroan jarri du salgai.
Sagar berri bat ere iritsi da, gorria, eta hori Jose Antonio Elosegik izan du salgai, kiloa 3,5 euroan.
Bestela, negutegikoei lehia egiten hasi dira aire libreko produktuak pixkanaka. Aurreko astean Mendarte baserriko berenjenak aurkeztu zituzten, negutegikoak, eta gaur, aire librekoa jarri dute salgai Zurutuza ahizpek. Biek, kiloa 4,5 euroan zuten goizean.
Barazki eta bestelako landare salmenta lasaitu da, eta azken asteetan Plaza Nagusiko hiru postuetan ez dira ikusten oso ilara luzeak. Baina eroslerik ez zaie falta, eta gaur, esaterako, porru landarea eraman dute askok. Izan ere, porruak aldatzeko garai bete-betea da orain, «sanjoanak geroztik», saltzaileetako batek esan duen bezala. Porrua ehuneko sortatan saltzen da, eta sorta bakoitza 4,8 eta 5 euro artean dago salgai.
Bestetik, perretxikoaren eskaintzak beheranzko joerarekin jarraitzen du, eta gaur onddoak eta ziza horiak besterik ez dituzte jarri salgai Lasa eta Barcinaren postuetan. Bien artean, 45 kilo onddo eskaini dituzte, kiloa 15 eta 30 euro artean, baita 38 kilo ziza hori ere (12-28 euro).
Kanpoko produktuen artean, udako fruta eskaintza oparoa nabarmendu behar da, eta horren barruan, gaur lehenengoz ikusi diren Klaudia arana (4,95 eta 5,9 euro artean kiloa) eta Morettini madaria (3,9 eta 4,9 euro artean kiloa).
Ate Irekiak programako gazteak
Bisiten atalak ere eman du gaur berririk. Ate Irekiak programaren bidez Goierrira etorrita diren euskal diasporako gazteak azoka bisitatzen izan dira gaur, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea gidari zutela. Herria bera ere bisitatu dute, eta Anne Otegi sukaldariari bazkaria prestatzen ere lagundu diote.

















