«Herritarren bat autobusetik kanpo geratzen bada ez ditugu umeak eskolara bidaliko»
Hezkuntza Ordezkaritzarekin izandako bileran sumatutako "malgutasun falta" salatu dute Zaldibian egindako prentsaurreko jendetsuan.
Eskola garraio publikoaren aldeko prentsaurrekoa Zaldibian, atzo.Goierriko Hitza Eskola garraio publikoa mantentzearen aldeko prentsaurrekoa egin zuten Zaldibian, atzo. Izan ere, DBH3 eta DBH4ko ikasleak goizeko eskola garraiorik gabe utzi dituzte. Hori adierazi zuten uztailean egin zuten prentsaurrekoan.
Eskola Garraioa arautzen duen 16/2023 Dektetuan oinarritzen da erabakia. Bertan, ikastetxetik 4km baino gutxiagora bizi direnek ez dutela garraio eskubiderik jasotzen da, Zaldibiaren kasuan 3,8 km-ko distantzia dute. Dektretuak dio bidea egokia ez denean salbuespenak egin daitezkeela.
“Gure bidea ez da egokia. Trafiko handikoa izateaz gain espaloirik, argirik eta segurtasunik gabea da”
Zaldibiako gurasoek “argi” esaten dute: “Gure bidea ez da egokia. Espaloirik gabea, argirik gabea, trafiko handikoa ta segurtasunik gabea da”. Beraz, dektretuan jasotzen den salbuespena “egin beharrekoa” dela pentsatzen dute. Hezkuntza Sailak irtenbide moduan proposatu zien joateko garraioa publiko erregularra erabiltzea, eta itzultzeko eskola garraioa salbuespena eginda.
Gurasoentzat irtenbide horrek ez du ez hanka ez buru: “Salbuespena eskolatik itzultzeko aplikatzen digute eta joateko ez?”.
Hezkuntza Ordezkaritzarekin bilera
Ikasle horien gurasoak, atzo goizean, Donostiako Hezkuntza Ordezkaritzara “presazko bilera” batera deitu zituzten. Bileran Amaia Urzelai Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaria, Ana Molina Hezkuntzako garraio arduraduna eta ikuskari bat elkartu zirela azaldu zuten prentsaurrekoan, Unai Beloki eta Naiara Etxeberria gurasoek. Ordezkariek azaldu zuten “malgutasun falta” gaitzetsi zuten: “Ez dugu zirrikitu txikiena ere somatu beraiek hartuta dituzten erabakiak aldatzeko”.
“78 eserlekuko autobusa erabiliko dutela esan digute goizeko garraiorako, horrelakorik ez daukagunean Goierri osoan”
Foru Aldundiko garraio sailaren datu “okerretan” oinarritu direla erabakia hartzeko diote gurasoek: “78 eserlekuko autobusa erabiliko dutela esan digute goizeko garraiorako, horrelakorik ez daukagunean Goierri osoan”. Doakotasuna ere ez diete bermatzen. Hezkuntza saileko ordezkariek irailaren 8an garraio publikoa balekoa dela egiaztatzera etorriko direla agindu zieten.
Egoera konpondu ezean planto
Gurasoek erabaki dute irailaren 8an proposatu dieten moduan ikasleak eskolara bidaltzea. Baina, ikasle edo herritar bakar bat autobusera igo ezinik geratu ezkero, “planto egingo dugu eta umeak ez ditugu eskolara bidaliko egoera konpondu arte”.
“Gure seme-alaben segurtasuna eta hezkuntzarako sarbidea ez dira negoziagarriak”
Hezkuntza Sailak aldarrikatzen dituen printzipioak –inklusioa, hizkuntza-berdintasuna, jasangarritasuna, mugikortasun jasangarria, lurralde-kohsioa– ez betetzea ez dute onartuko gurasoek. Gainera, ez dira “erdibideko” proposamenekin konformatuko: “Gure seme-alaben segurtasuna eta hezkuntzarako sarbidea ez dira negoziagarriak”.













