«Agroekologia da erronka klimatikoari aurre egiteko tresna eraginkorrena»
Hamabostaldi ekologikoaren barruan, EHKO etxaldeen elikagai azoka agroekologikoa egingo dute bihar Ordiziako Plaza Nagusian. Ehkolektiboak antolatuta, goiz osorako egitaraua ondu dute, eta ez da azoka soila izango: EHKO Euskal Herriko etxalde eta produktu agroekologikoen identifikatzailea aurkeztuko dute.
Judit Garcia Llorens baserritarra. Hitza Nafarroan jaioa eta hazia da Judit Garcia Llorens (Bargota, 1975), nekazal ingeniaria formazioz, eta abeltzain eta gaztagile lanbidez. Olaberriko Etxeberri Goikoa baserrian du orain bizitokia, eta lantokia. Aitor Aranburu bikotekidearen familiaren etxaldean erreleboa hartu zuten biek. ENEEK Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko –ekimenaren babesleetako bat– lehendakaria izateaz gain, EHKolektiboko kidea ere bada, eta ez du biharko hitzordu garrantzitsua galduko.
Zer da EHKolektiboa eta zer aurkeztuko du bihar?
EHKolektiboa Euskal Herrian antolatzen den baserritar agroekologikoen eta herritarren kolektiboa da. Proiektuaren lehen zertzeladak Ipar Euskal Herritik iritsi ziren, eta Euskal Herriko errealitatera egokitutako agroekologia eredu bat definitzeko beharrari erantzuteko sortu zen.
Europako araudiaren araberako ziurtapenaz harago, Euskal Herritik bertatik bestelako irizpide eta ikuspegiak definitzea beharrezkotzat jo genuen. Horretarako, lanketa sakona egin dugu azken urteotan. Azken fasean, berme sistema parte-hartzailean jarri dugu arreta: ekoizpen ekologikoaren oinarriaren gainean, agroekologiaren ikuspegitik bestelako irizpide eta konpromisoak ezartzen dira. Larunbatean aurkeztuko dugun zigilua prozesu horren emaitza da.
Zergatik aurkeztuko duzue Ordizian?
Hainbat arrazoi daude. Batetik, Ordiziako Azokak duen garrantzi historikoa eta tradizionala. Euskal Herriko azokarik zaharrenetako bat da, agroekologiaren zein ekoizpen eredu tradizionalaren isla. Egungo agroekologiak lotura berezia du elikagaiak ekoizteko eta merkaturatzeko garai bateko moduarekin: naturaren zikloekin bat egiten zuen ekoizpenak, eta ekoitzitako elikagaiak tokiko azoketan merkaturatzen ziren.
«Egungo agroekologiak lotura berezia du elikagaiak ekoizteko eta merkaturatzeko garai bateko moduarekin»
Geroago iritsi ziren nekazaritza industriala eta pestizida zein bestelako produktu kimikoen erabilera sistematikoa. Horrenbestez, agroekologiak nolabait lehenagoko ekoizpen eredu horren ezaugarriak berreskuratzen ditu.
Bestetik, Biziola erreferentzia interesgarria da Goierrin. Kontsumo-kooperatibak erakusten du agroekologia ez dela ekoizpenera mugatzen, eta tokiko merkaturatzea zein ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana ere badirela ereduaren parte.
Zein garrantzia du agroekologiak egungo nekazaritza ereduan?
Garbi dago datozen urteotan erronka klimatiko handia izango dugula aurrean, eta horrek ezinbestean eskatzen du gaur egungo ekoizpen ereduaren inguruko hausnarketa egitea. Lehen sektorearen ikuspegitik, agroekologia da erronka horri aurre egiteko tresna garrantzitsuenetako bat. Izan ere, ekoizpen ekologikoan oinarritzeaz gain, ekoizpen ereduaren dimentsio soziala ere kontuan hartzen du: giza neurriko nekazaritza sustatzen du, tokiko garapena bultzatzen du eta ekoizleen zein komunitatearen beharrak aintzat hartzen ditu.
Gaur egungo nekazaritza eta abeltzaintza industrialak, neurri handi batean, urrutitik ekarritako lehengaietan oinarritzen dira. Agroekologiak, aldiz, tokiko baliabideak eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko gertutasuna lehenesten ditu.
Ezinbesteko tresna, zinez.
Bai, aurrean dugun klima eta ingurumen erronkari begira, agroekologia funtsezko tresna da lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko eta ekoizpen eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko.
Eta Goierrin? Zein da lehen sektorearen egoera?
Goierrin industriak pisu handia duen arren, lehen sektorearen eta landa eremuaren presentzia ere nabarmena da. Egia da lehen sektorearen pisua gutxitzen joan dela, baina nekazaritza ekologikoak presentzia handia du. Ordiziako Azokan, esaterako, gutxienez sei ekoizle ekologiko gaude, eta Goierri osoan 48 operadore daude alta emanda.
«Ordiziako Azokan, esaterako, gutxienez sei ekoizle ekologiko gaude, eta Goierri osoan 48 operadore daude alta emanda»
Horietako batzuk EHKolektiboko kideak gara, eta horrek esan nahi du ziurtapen ekologikotik harago ere egiten dugula lan, ekoizpenaren dimentsio soziala eta agroekologiaren beste alderdi batzuk kontuan hartuz. Horregatik, uste dugu Goierrik oinarri interesgarria duela agroekologia gehiago garatzeko.
Zer aldatu beharko genuke etorkizunean bertako elikagaiak ekoizten jarraitu ahal izateko?
Bai ekoizleen bai kontsumitzaileen aldetik kontzientziazioa indartu behar dugu, gure ekoizpen eta kontsumo ohiturek ingurumenean eta etorkizunean duten eraginaz jabetzeko. Kezka badago, baina kezka hori ekintzetara eramatea da erronka.
Instituzioen aldetik ere, agroekologiari garrantzia eman behar zaio, politika publikoen eta baliabideen bidez. Ekoizleei eredu horretara gerturatzea erraztu, eta kontsumitzaileei agroekologiaren atzean dagoena eta eskaintzen dituen bermeak ezagutarazi behar zaizkie.
Goiz osoko egitaraua ondu duzue biharko.
Euskal Herri osoko agroekologiaren sektorea izango da bertan ordezkatuta, eta zinez, aukera paregabea izango da ekoizpen eredu honek dituen erronkak gertutik ezagutzeko. Lujanbio eta Ibarzabal ere izango dira, eta bertaratzeko deia egin nahi diet herritar guztiei.
BIHAR, ORDIZIAKO PLAZAN
- 09:30. Diana herriko musikariekin.
- 10:00. Azokaren irekiera eta EHKO identifikatzailearen aurkezpena.
- 10:30. Txiki-txoko haurrentzako tailerra: Aldaxketatik Kimuak sortzen.
- 10:30. Solasaldia. Agroekologiatik eraginez: EHKO identifikatzailea, aliantzak eta komunitatea, udaletxeko arkupeetan. Gidaria: Goiuri Alberdi. Parte hartzaileak: Ehkolektiboa, Amillubi, Baserritarren Bilgunea, Bionekazaritza, Biziola, Landare eta Uribe Butroeko Sarea.
- 12:30. Ekitaldia, Miren Gaztañagaren eskutik eta Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio bertsolariekin.
- 14:30. Bazkari agroekologikoa, Biziolaren eskutik.
- 16:00. Umore saioa, Itziar Saenz eta Ojer-en eskutik.
- 17:00. Jun ta Jo-ren musika emanaldia.













