Bere lehen eleberri luzea argitaratu du Alaine Rey Tizonek
'El eco de los inocentes' du izena eta Donostian kokatutako thriller psikologikoa da. "Herrian bertan irakurleen interesa eta harrera polita izaten ari" dela azaldu du idazleak.
Alaine Rey Tizon, 'El eco de los inocentes' eskuetan duela.Hitza Beasainen bizi den Alaine Rey Tizonek (Ordizia, 1981) bere lehen eleberri luzea kaleratu du: El eco de los inocentes. Donostian kokatutako thriller psikologikoa da.
Idazleak azaldu duenez, bere ibilbide profesionalarekin lotura zuzena du eleberriak. Psikologian eta Kriminologian lizentziatua da, eta gaur egun Psikologia Orokor Sanitarioaren Masterra amaitzen ari da. Ikasketa horiek pertsonaiak eraikitzerako garaian lagungarri izan zaizkio. Pertsonen “alde iluna” aztertzea du gustuko, eta ulertzea bakoitzaren jarrerak. Bide horretan, irakurleak pertsonaiekin enpatia izatea bilatu du nobelan. Ona edo gaiztoa izatetik harago, pertsonaia bakoitzaren hautuen zergatiak azaldu nahi izan ditu, irakurleak ulertzea zergatik egin duen egin duena modu horretan.
Ez da bere lehen lana; 2009an, ¿Víctima o verdugo? eleberri motza argitaratu zuen. Oraingoan, 330 orritik gorako lana osatu du. Ane Aranburu da protagonista. Polizia ohia da, eta, “batez ere, ama”. Ama izateak guztiz aldatuko du bere bizitza, eta bere haurraren bueltan eraikiko du bere mundua. Donostiatik alde egin zuen semea babesteko eta ikertu zuen kasu batek utzitako oinazetik ihes egiteko. Baina kasu horrekin antzekotasunak dituen krimen bat gertatzen denean, iragana harengana itzuliko da. Gabi bere lankide ohiarekin lan egitera behartuta egongo da, eta iraganeko ikerketa batek itxi gabeko zauriak irekiaraziko dizkio.
Narratzeko bi modu
Eleberriari erritmoa emateko, narratzeko bi modu erabili ditu. Batetik, Anek lehen pertsonan kontatzen du istorioa, orainaldian, eta, bestetik, hirugarren pertsona batek Aneren iragana kontatzen du, flashback-en bitartez, bere historia hobeto azaltzeko.
Amatasunaren, kulparen eta desagertzen ez diren munstroen inguruko eleberri beltza ondu du Reyk. Amazonen argitaratu du, eta plataforma horretan zein Beasaingo Mirentxu liburu-dendan salgai dago. “Herrian bertan irakurleen interesa eta harrera polita izaten ari” dela azaldu du idazleak.













