Gipuzkoako Turismo Behatokiaren arabera, turismoak 20 milioi euroko ekarpena egiten du Goierri behean
Gipuzkoako bigarren eremurik baloratuena da, %92,77ko asebetetze-indizearekin. Turismo-ostatuetako enplegua %12 hazi da.
Turismoak urtean 20 milioi euro inguruko ekarpen ekonomikoa egiten du Goierri behean, Gipuzkoako Turismo Behatokiak eskualdeko turismo-jardueraren bilakaerari buruz jasotako datuen arabera. Datu horiek Goierriko Turismo Mahaiaren baitan egindako lan-jardunaldi batean aurkeztu dituzte, eta Azahara Domínguez Gipuzkoako Turismo diputatuak eskualdeko jardueraren “bilakaera positiboa” nabarmendu du.
Ekarpen ekonomiko horretatik, 15 milioi euro inguru turismo-jarduerak berak sortzen dituela jakinarazi dute, eta beste bost milioi euro, berriz, txangozaleen gastuari dagozkio. Turismoarekin lotutako jarduera ekonomikoaren hazkundea, gainera, Gipuzkoako lurraldeko batez bestekoa baino handiagoa izan dela iragarri dute.
Enpleguari dagokionez ere, hazkundea nabarmena izan dela ondorioztatu dute. Gipuzkoa osoan turismo-ostatuetako langileen kopurua %2,7 hazi den bitartean, Goierri behean %12koa izan baita igoera.
Bisitarien balorazio ona
Turismo Behatokiaren datuek erakusten dutenez, bisitariek ere “balorazio positiboa” egiten dute Goierri beheko turismo-esperientziaz. %92,77ko asebetetze-indizea du, eta Gipuzkoako bigarren eremurik baloratuena da. Gainera, bisitarien batez besteko egonaldia 2,6 egunekoa da, lurraldeko batez bestekoaren gainetik.
Ostalaritza, eskualdearen benetakotasuna, natura-ingurunea eta bertako produktuen kalitatea dira bisitariek gehien baloratzen dituzten alderdiak. Naturak eta gastronomiak, horrela, eskualdeko erakargarritasun turistikoaren ardatz nagusi izaten jarraitzen dute. Aralar, Aizkorri-Aratz eta Ordiziako Azoka dira balorazio onenak jasotzen dituzten esperientzietako batzuk.
Idiazabal Gaztak ere presentzia nabarmena du eskualdeko turismo-eskaintzan, eta hori ere azpimarratu dute. Gaztaren ibilbide turistikoak eta interpretazio-zentroak %90etik gorako balorazioak lortu dituzte, eta gazta Goierriko nortasunaren, paisaiaren eta artzain-kulturaren erakusgarrietako bat da.
Turismoa hazteko aukera
Datuen arabera, turismoak hazteko tartea ere badu Goierri behean; Gipuzkoako biztanleriaren %6,2 bizi bada ere, lurraldeko gaualdi turistikoen %2,3 baino ez ditu biltzen. Horrek, antza, turismo-jarduera garatzeko duen potentziala agerian uzten du.
Goierriko Turismo Mahaiak nabarmendu du datu objektibo eta eguneratuak izatea garrantzitsua dela turismo-plangintza egoki bat egiteko. Helburua eskualdeko turismo-eredua kalitatean eta jasangarritasunean oinarritzea da, bertako baliabideak eta nortasuna balioan jarriz eta jarduerak ahalik eta eragin ekonomiko handiena izan dezan.













