Kantaka eta Betiko Ametsa abesbatzak Zaporeakekin
Zaporeakek elikagaiak eta laguntza eskaintzen dizkie Lesboseko (Grezia) errefuxiatuei. Musikaren bitartez erakundeak egiten duen lana ezagutarazi nahi da.
Kantaka abesbatza Juan Joxe Agirreren omenaldian kantari, Lazkaoko beneditarren elizan, 2024ean. Aimar Maiz Musika korala elkartasunerako eta topaketarako gune bihurtuko da Lazkaon, larunbatean. Lazkaoko Kantaka Abesbatzak eta Irungo Betiko Ametsa Abesbatzak kontzertua eskainiko dute 19:00etan, mojen komentuan. Zaporeak erakunde humanitarioari laguntzeko asmoz egingo dute: «Erakunde horrek elikagaiak eta laguntza eskaintzen dizkie Lesbosen (Grezia) errefuxiatuta dauden pertsonei».
Oraingo honetan, bi abesbatzek egitarau «berezia» prestatu dute eta hainbat estilotako musika koraleko lanak bilduko dituzte: «Errepertorio askotarikoaren bidez, euskal herritarren elkartasunarekin eta egungo migrazio errealitatearekin lotutako gaiak jorratuko ditu kontzertuak». Hala, musikaren bitartez, egoera horiek herritarrengana hurbildu eta Zaporeakek egiten duen lana ezagutarazi nahi da.
Elkartasuna
Kontzertuak elkartasunerako aukera ere eskainiko du, bildutako dirua erakundearen proiektua babestera bideratuko baita. Horrela, Kantaka eta Betiko Ametsa abesbatzen arteko lankidetzak musika jarduera eta laguntza humanitarioa uztartuko dituzte, «errefuxiatuei elikagaiak eta babesa eskaintzen jarraitzea helburu duen ekimen baten alde».
Udalak herritarrak gonbidatu ditu kontzertura hurbiltzera, emanaldiez gozatzera eta elkartasun ekimen honetan laguntzera.
Zaporeak erakundea
Ekimenaren bidez, gerrak, jazarpenak, indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak direla medio Europara ihesi iristen diren milaka pertsonaren errealitatea herritarrei hurbildu nahi zaie. Izan ere, Zaporeak pertsona horiei laguntzeko irabazi asmorik gabeko erakundea da.
Greziako uharteetan, asilo eskatzaileek egoera zailean jarraitzen dute eta, horren aurrean, Zaporeakek elikagaiak eskuratzeko aukera bermatzera eta babes bila dabiltzanei laguntza eskaintzera bideratzen du bere jardun humanitarioa.













