Mikel Irastortza da Beasain KE-ko lehendakari berria
Lehendakaritza eta Zuzendaritza Batzorde berria hautatu dute bazkideek ostegunean egindako ezohiko batzar orokorrean. Kepa Lasak eskerrak eman dizkie bidean lagun izandakoei.
Beasain Kirol Elkarteko kideak Loinatz zelaian, 2026/2027 denboraldirako lehen taldearen aurkezpenean.Beasain KE Beasain Kirol Elkarteak ziklo berri bati ekingo dio, Lehendakaritza eta Zuzendaritza Batzordearen aldaketarekin. Ostegunean egindako ezohiko batzar orokorrean hautatu dute gidaritza berria: Mikel Irastortza Aranburu da lehendakari berria.
Berarekin batera, lehendakariordea Harkaitz Gainzarain Heriz izango da, idazkaria Izaskun Perez Septien, diruzaina Jon Madrazo Uribeetxebarria, eta bokalak Uxune Apalategi Gomez, Ruben Saenz de Buruaga Gerrikaetxebarria, Nerea Uranga Txintxurreta, Leire Guede Labari eta Jose Miguel Meruelo Amenabar.
Kepa Lasa Zalduak, hortaz, ez du lehendakari lanetan jarraituko, 10 urtetako ibilbidearen ondoren. Agur-oharra zabaldu du sareetan. “Ziklo baten amaiera iritsi” dela esanez hasi du mezua. Urteotako bidea “aberasgarria” izan dela “baina zailtasunak eta une gaziak ere” izan dituela azaldu du: “Hamarkada honetan, hainbat egoerari egin behar izan diegu aurre: pandemia bati, Loinazko eta Igartzako zelaietako belar-aldaketei, aldagelen eta gimnasioaren eraikuntzari, instalazioak hobetzeko lanei…”.
Zailena eta pozgarriena, harremanak kudeatzea
Helburu “argi” bat izan dute “beti” Lasaren hitzetan: “Ondare hobea uztea, bai baliabide materialei dagokienez, bai giza taldeari dagokionez, egunen batean iritsiko zen erreleboa ahalik eta errazen egiteko”. Erronkarik “zailena eta aldi berean pozgarriena harremanak kudeatzea” izan da lehendakari ohiarentzat: “Batzuetan, denon gustukoak izan ez diren edo ulertu ez diren erabakiak hartu behar izan ditugu, betiere klubaren onura bilatuz. Lerro hauen bidez, barkamena eskatu nahi diet erabaki horiek ulertu ez dituztela sentitu dutenei edo haien ondorioz kaltetuta sentitu direnei”.
Eskerrak eman dizkie bidean lagun izandakoei: jokalari, entrenatzaile, ordezkari, fisioterapeuta, laguntzaile eta babesleei, baita Zuzendaritza Batzordeko kide guztiei ere, “bereziki Iñigori, klubaren balioak inork ez bezala gorpuzten dituen pertsonari”. Angel, Rafa, Carlos, Jorge, Iñigo, Koldo, Enrique eta Pellori ere eskerrak eman dizkie, eta, oharra bukatzeko, seme-alabei eta bikotekideari, “une onetan zein txarretan beti alboan egoteagatik”.













