Ongizate bulego berria martxan, udalen akordioari esker
Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi eta Gabirian artatuko dituzte gizarte gaietako beharrak. Hiru udalerriak zerbitzua partekatuko dute, baina «kalitatean» irabaziko dute.
Naroa Maguregi, administraria eta Bihotza Esnaola gizarte langilea Ormaiztegiko udaletxean zerbitzua emango duten bulegoan.Josune Zarandona Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi eta Gabiriako udalek egindako hitzarmen bati esker, Ongizate bulego zerbitzu berria dute urriaren 1z geroztik, hiru udalerri hauetako bizilagunek. Bihotza Esnaola gizarte langilea eta Naroa Maguregi administraria dira zerbitzuaren arduradunak. Gizarte gaien esparruan hiru udalerrietako bizilagunei erantzun integralagoa eta osatuago emateko helburuarekin jarri dute martxan zerbitzu berria.
Hilabeteetako elkarrizketaren emaitza da Ongizate bulegoa, «garrantzitsua izan da zerbitzu honetan sinisten duten politikariekin bat egitea akordioa errealitate bihurtzeko. Bere denbora eman du hau dena antolatzeak, baina azkenean lortu dugu, sinisten genuelako horrela izan behar zuela eta zerbitzu berriak izaera hori izan behar zuela», esan du Esnaolak.
Esnaola gizarte langile lanetan aritu da orain arte Ezkio-Itsasoko udaletxean, %33ko lanaldian. Ormaiztegik eta Gabiriak orain arte partekatzen zuten gizarte langileak erretiroa hartu berri du eta testuinguru horretan sortu da hiru udalerrien artean zerbitzu hau martxan jartzeko aukera.
Kalitatean irabazi
Zerbitzuaren erabiltzaileek kalitatean irabaziko dutela uste du Esnaolak, «zuzeneko arretari denbora gehiago eskaini ahal izango zaio, administrazio lanetarako figura berri bat sortu delako». Izan ere, azken urteetan lan administratiboak biderkatu egin dira eta horrek, aurrez aurreko arreta egiteko denbora kendu dio, orain arte, gizarte langileari. Zerbitzuaren ordutegia ere zabalagoa izango da eta emango duten arreta «integralagoa».
Herri txikietako gizarte zerbitzuetako erabiltzaileen beharrak, herri handiagoetakoen berdinak dira, baina erantzuna ematerako orduan, badira ezberdintasunak. «Landa eremuan daukagun arazo handietako bat dispertsioarena da, jendearengana iristeko zailtasunak. Azpiegitura falta ere beste arazoetako bat da, sarri, behar den kasuetan beste herri batzuetara mugitu behar izaten dutelako. Profesional bezala, baloratzen ditugun beharrei erantzun egoki bat emateko zailtasunak ere izaten ditugu askotan, gure lanaldia oso murriztua delako», zerrendatu du.
Kontrara, erabiltzaileekin harremana gertuagokoa da herri txikietan, «guztiak ezagutzen dugu elkar eta beharrezko informazioa beti iristen zaigu bide batetik edo bestetik», gehitu du.
Zerbitzu partekatua
Zerbitzu partekatua denez, ez dira egunero egongo herri guztietan, baina dagokionean, ordu gehiagoz izango dira bertan. Ongizate bulegoarekin haremanetan jartzeko edo hitzorduak eskatzeko telefono bakarra izango da aurrerantzean: 603 730 114. Astegunetan, 8:00etatik 14:00etara deitu ahal izango da bertara.













