Trio Zukan eta Quasar Saxophone Quartet taldeek garaikidetasuna eta tradizioa elkartuko dituzte
Jon Ansorenak (txistua), Maria Zubimendik (akordeoia) eta Gorka Catedianok (perkusioa) osatzen dute Trio Zukan. Quasar Saxophone Quartet Montrealeko saxofoi laukotea erreferentea da musika garaikidearen eta abangoardistaren alorrean. Igandean da.
Quasar Saxophone Quartet taldea.QSQ Igartza Musika zikloaren barruan, Trio Zukan euskal taldeak eta Kanadako Quasar Saxophone Quartet taldeak kontzertu bateratua eskainiko dute igandean Igartzako Jauregian, 19:00etan hasita. Garaikidetasuna eta tradizioa elkartuko dituzte.
Jon Ansorenak (txistua), Maria Zubimendik (akordeoia) eta Gorka Catedianok (perkusioa) osatzen dute Trio Zukan. Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian elkar ezagutu ondoren 2014an sortua, hirukoteak bide propio eta berritzailea urratu du euskal musikagintzan, ohikoak ez diren hiru instrumentu horiek uztartuz. Bi disko egin dituzte eta Etxepare Euskal Institutuaren Saria jaso zuten 2022an nazioartean egindako sustapen-lanagatik.
Quasar Saxophone Quartet Montrealeko saxofoi laukotea erreferentea da musika garaikidearen eta abangoardistaren alorrean. 1994an sortu zenetik, inprobisazioa eta elektronika esploratu ditu. Conseil Quebecois de la Musique erakundeak emandako hamar OPUS sari jaso ditu taldeak, tartean Urteko Artista izendapena.
Bost lan bilduko ditu igandeko emanaldiak: M. Matamororen Concerto Grosso obra, akordeoi, txistu, perkusio eta saxofoi laukoteak elkarrekin interpretatua; saxofoi laukote hutserako prestatutako Emilie Girard-Charest egilearen Bestiaire pieza; Francisco Dominguezek konposatutako Bertso lan berezia akordeoi mikrotonala, txistua, perkusioa eta ahotsa uztartuz; Z. F. Gerenabarrenaren Suharri, zazpi musikarien arteko konbinazio osoa berriro ere agertokira ekarriz; eta Hugo Morales konpositorearen Batuccatta pieza perkusio ikuskizunaren bidez.













