Tamara Larreak (Lazkao, 1988) enpresaritza ikasketak egin zituen, eta arlo horri lotutako hainbat proiektu eskuartean izan arren, egun, dantza ezberdinak irakasten aritzen da, batez ere. Tartean, azken boladan hain modan jarri den zumba (dantza eta aerobika batzen dituen ariketa) ematen du. Nola iritsi da enpresaritza ikasi duen pertsona bat ogibide horretan lan egitera? Kirola beti gustatu izan zait eta enpresaritza ikasten ari nintzela jada hasi nintzen irakasle gisa lanean, dantza klaseak ematen, eta dagoeneko bost urte daramatzat. Donostiako FEDAn hartu nituen klaseak, baina titulu asko atera ditut ordutik. Gainera, Bartzelonara mundu mailako onenak etorri ohi dira urtero (Barçako fisioterapeuta bat ere egon zen, esaterako) eta berritzen joateko, halako topaguneetara joaten naiz. Irabazitako dirua neure burua berritzeko inbertitzen dut. Etxean ba al dago dantzarako ohiturarik? Handia! Gure familian dantza asko egiten da. Gabon gauean, esaterako, goizeko 06:00ak arte ere egonda gaude dantzan eta karaokean. Txikitatik jaso dut dantzarako zaletasuna. Zein kirol egiten duzu? Asko. Umetan hiperaktibitate puntu bat nuen, eta kirola txiki-txikitatik gustatu izan zait asko. Hala, kirol asko probatu ditut: Lazkaon areto futbol taldea sortu genuen, Ordiziako atletismo taldean ibili nintzen, Ordiziako areto futbol taldean ere ibili nintzen Liga Vascara igo ginenean, Tolosan ohorezko mailan jokatu nuen, EHUkoekin ere bidaia [...]