Toloño eta Norabide Galdua, Izadi Zaleak elkartearen hurrengo hitzorduak
Igande honetarako familia osoarentzako mendi irteera antolatu dute. Orientazioa praktikatzeko irteera, berriz maiatza amaieran izango da. Gaur eman daiteke izena elkartean bertan, bietarako.
Iazko Norabide Galdua asteburuan parte hartu zuten mendizaleak.Izadi Zaleak Izadi Zaleak mendizale elkarteak bi hitzordu ditu esku artean datozen asteetarako. Lehena igande honetan bertan izango da, eta Arabako Toloño mendian egiteko familia plana proposatu du. Hurrengoa, maiatza amaieran izango da, Norabide Galdua izeneko irteera.
Ohi bezala, elkartean bertan izango dira gaur mendi elkarteko arduradunak 18:30etik 19:30era,nahi dutenek izena emateko. Whats App bidez ere eman daiteke izena, 943 73 11 68 zenbakian.
Toloñon, familia plana
Iganderako prestatu dutena, haurrekin egiteko mendi irteera izango da Arabar-Errioxako Toloño mendia jomuga duena. Izadi Zaleak elkartetik 08:00etan abiatuta, bazkalondoren itzuliko dira mendizaleak.
Ibilaldia 9 kilometroko luzerakoa eta 180 metroko desnibelekoa izango da. Herrera mendatean hasiko dira ibiltzen, eta Samaniegoko El Cristo parkean amaituko dute. Bidean, San Leongo koba sartuko dira, eta horretarako frontalak eta linternak eramatea gomendatzen dute.
Norabide galdua
Maiatzaren 30 eta 31ko astebururako, berriz, Norabide Galdua prestatu dute, “urteko irteerarik zirraragarri eta dibertigarriena! Zure orientazio-trebetasun, talde-lan eta arazoak konpontzeko trebeziak aterako dituen esperientzia paregabea!”, azaldu dutenez.
Brujularekin eta maparekin orientazioa praktikatzeko irteera izango da, bi egunetakoa, baina “inork ez daki non izango den”. Larunbatean 07:00etan abiatuko dira autobusez Legazpitik, “gure helmuga ezagutu gabe abiatuko gara”. Aurtengo abentura “klima lehorra duen zonalde batean izango dela” aurreratu dute bakarrik. Itzulera, igandean izango da, 18:00etan. Gaua aterpe batean egingo dutenez, izena lehenbailehen emateko eskatu dute.
Norabide Galduaren xedea mendian orientazioa praktikatzea da. Horretarako, 4-5 laguneko taldeak osatuko dituzte, eta bakoitzak mapa kartografiko pare bat eta igarotze koordenada zerrenda izango ditu. “Ekipo bakoitzak lur ezezagunetan nabigatzeko duen gaitasuna erakutsiz, markatutako koordenadetatik igaro beharko da, gida gisa mapa bat eta iparrorratz bat soilik erabiliz. Lankidetza eta komunikazioa funtsezkoak izango dira bidea aurkitu eta helburua lortzeko”. Parte hartzeko ez da beharrezkoa esperientzia izatea.













