Ordiziako eskuz binakako pilota txapelketa herrikoian izena eman daiteke jada
Apirilaren 30a da horretarako azkenengo eguna. Bikoteko hamar euro ordaindu beharko dira.
18. Eskuz binakako txapelketako irabazleak, Santa Ana jaietan.Emaneurre Emaneurrek Ordiziako eskuz binakako pilota txapelketa herrikoiaren beste edizio bati hasiera eman berri dio. Hemeretzigarren edizioa da aurtengoa, eta dagoeneko izena eman daiteke, Emaneurrek berak sare sozialetan zabaldutako galdetegia beteta. Bikoteko partaideen izen-abizenak, kontakturako telefono zenbaki bat eta izen-ematearen ordainagiriaren kopia atxikitu behar dira.
Izen ematearen kuota 10 eurokoa da, eta Emaneurreren ES 59 2095 5075 01 1063785298 kontu korronte zenbakian sartu behar da bikotearen izena garbi adierazita. Apirilaren 30era arte izango dute pilotazaleek izena emateko aukera.
Txapelketan parte hartu ahal izateko, ondorengo lau baldintzetako bat bete beharko dela azaldu du taldeak: Ordizian jaioa izatea, Ordizian erroldatuta egotea, txikitatik Ordizian ikasi izana edo Ordiziarekin lotura estua eta jarraia izatea. Pilotan federatuta daudenek, berriz, ezingo dute txapelketan parte hartu.
Arauak
Bikote bakoitzak gehienez pertsona bat izango du partidaren batean ordezkapena egiteko. Jokalari hori beti berdina izango da eta ezin izango du txapelketako beste edozein bikoteren ordezkoa izan, ez eta txapelketatik at geratu den edozein jokalari izan. Ordezkapenak egiten dituen jokalariaren partidu kopuruak ez du mugarik baina bigarren faseko azken partida jokatzen duen bikoteak jokatu beharko du finala. Antolatzaileek adierazi dute, halaber, ez direla txapelketan gerta litezkeen ezbehar eta lesioez arduratuko.
Txapelketako koadroa partaide kopuruaren arabera diseinatuko da.













