Xabier Berasategi bigarren Hainango Tourreko bigarren etapan, Txinan
23 txirrindulariko taldean iritsi da helmugara Berasategi, eta garaipena lehiatzera iritsi da. Olaberritarra bigarren postuan doa sailkapen nagusian, eta Erregulartasunaren liderra da.
Xabier Berasategi Castellon-Ruta de la Ceramica Sari Nagusian, pasa den urtarrilean. Miguel Ena / SprintCyclingAgency Xabier Berasategik, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari olaberritarrak bigarren postua lortu du Hainango (Txina) Tourreko bigarren etapan. Olaberritarrak 214 kilometro eta hiru mendate gainditu behar izan ditu. Berasategik adierazi du gaurkoa zela etaparik “gogorrena”, eta pozik dagoela bigarren postuarekin: “Pena da garaipena gertu izan dudalako, baina Silva oso indartsu agertu da”.
Lasterteketa “hiru igoeretan erabaki” dela azaldu du Euskaltel-Euskadi taldeak, 114, 152,9 eta 199,5 kilometroetan, hain zuzen ere, eta Berasategi 23 txirrindulariko taldean “helmugaratu” dela. Helmugan, olaberritarrak garaipena lehiatu, eta bigarren sailkatu dela, Astana taldeko Thomas Silvaren atzetik jakinarazi du txirrindulari taldeak. Euskaltel-Euskadiko Gotzon Martin eta Jokin Murguialday ere aurreneko multzoan heldu dira. Paul Hennequin-ek, berriz, lasterketa utzi behar izan du, gaixorik.
Olaberritarrak uste du, sailkapen nagusia larunbatean erabakiko dela. Etapa hori “laburra” dela, eta bi kilometroko “aldapa” batean amaitzen dela aurreratu du Berasategik: “Hor dena eman beharko dugu sailkapenari eusteko edo aurrera egiteko”.













