AHT-a Beasainen
Egun, prentsa-titular gehienek larrialdi klimatikoak eragiten duen arazo handiaren berri ematen dute. Asko dira, herri mailan eta maila politikoan, aurre egiteko premiazko neurriak hartzeko aldarrikapenarekin bat egiten dutenak, gizarte talde ezberdinetatik urte askotan egin diren aldarriarekin bat eginez. Baina ez dakigu benetan, benetako borondate politikorik dagoen, sistema honen jarduera desegokietatik eratorritako ondorio klimatikoak eta ekonomikoak geldiarazteko.
Iñigo Urkullu lehendakariak «klima larrialdi egoera» deklaratu zuen uztailaren 30ean, 2050 urte baino lehenago karbono mailan neutroa izango den Euskadi lortzea. Ironikoa da alderdi politiko bateko ordezkariaren hitz hauek entzutea, gure ingurua zaintzeari guztiz kontrajarriak diren proiektuak bideratzen dituena, hala nola, erraustegia eta AHT proiektua. AHT -eko lanak 2005ean hasi ziren. Proiektu honen aurrekontuaren garestitzea ezagutu dugu eta uka ezina da gure lurraldean izan duen ingurumen-inpaktua.
Aurten, Beasainen, proiektu honetako tunelak egiteko lanak hasi zirenetik geldialdia egin ondoren, abendutik aurrera AHTaren lanak gure egunerokotasunean ditugu berriro. Oraingoan, larrialdietako tunelak egin behar dira, hasieran egin ez zirenak, eta orain nahitaezkoak direnak. Baina bere garaian zergatik ez ziren egin? Erantzuna oso erraza da: obrak 2008ko araudiaren arabera esleitu eta gauzatu ziren, baina obra lanen atzerapenak 2015eko araudiaren larrialdietarako sistemetara egokitu behar dira. Tren-kudeatzaileak ez dute zehazten obra horiek zein kostu izango duten. Hori guztia, ahaztu gabe, guztietan gainegitura falta dela; hau da, bide eta elektrifikazio ekipamendu guztia, Adif arduratuko dena.
Hau dela eta, 2009an Beasainen egindako tunelak eta akueduktuak (Astigarreta, San Martin …) zaharkituta geratu dira. Eragin negatibo handia izan dute, bai gure ekosistemarentzat, bai lan horiek zuzenean eta zeharka jasan behar izan dituzten pertsonentzat. Abenduaren 2tik aurrera, Beasainen larrialdietarako tunel berri hau egin aurreko lanak egiten ari dira (Mendi-hegalean, Andramari kalearen ondoan) eta, ondorioz, berriz ere gure herrian ingurumen-inpaktu handia eraginez, etxebizitza-eremu batetik oso gertu gainera. EH Bildutik, berriz, onartezina den proiektu honen aurka egiten dugu, lurralde, ekologi eta gizarte inpaktu larriengatik.