Arcelor Mittalen harira
Gertuan ezagutu ditugu produkzioa eta enplegua %70etik gora galdu dituzten enpresak. Ez da berdina doikuntza mingarriak egitea eta enpresa ixtea. Itxiz gero, ezinezkoa baita jarduera eta enplegua berreskuratzea. 80. hamarkadako krisiak Ezkerraldean utz...

Joseba Garmendia (Ekonomialaria)
Gertuan ezagutu ditugu produkzioa eta enplegua %70etik gora galdu dituzten enpresak. Ez da berdina doikuntza mingarriak egitea eta enpresa ixtea. Itxiz gero, ezinezkoa baita jarduera eta enplegua berreskuratzea. 80. hamarkadako krisiak Ezkerraldean utzitako zauri irekia horren erakusle. Zumarragako Arcelor Mittal enpresaren kasuak betiko itxieraren zantzuak ditu. Azken boladan enpresaren inbertsioak -200 milioi euro- Asturiaseko lantegietara bideratu dira, hona ezer gutxi.
Lantegiko eta zeharkako 600 langileen eta familien bizimoduan eragin bortitzaz gain, kezka haratago doa. Belaunaldi gazteentzat 600 lanpostu gutxiago egongo dira. Bailarako ehun produktiboa ahulduko da. Uggasa garapen agentziaren inguruan artikulatu den garapen estrategiari kaltetuko dio eta erronkak zaildu. Urretxu Zumarragako gizartean eta animoan kolpe gogorra izango da.
Berehalako eta hurbileko kalteak aztertzeaz gain, beste hiru hausnarketa egiteko parada ere badugu. Bat, enpresen erabaki guneak gertu edo lurralde batekin konprometituak egoteak zein garrantzia duen. Frantzian hamarkadak daramate honi begira eragiten, eta herrialde batzuetako pribatizazioetan administrazioek gai estrategikoetarako erabaki ahalmena gorde dute, urrezko akzioaren bidez esaterako. 2006an Mittal Steel-ek Arcelor erosi zuenean, galdera da, ez ote zen erabakigunearen garrantzia gutxietsi eta akzionisten logika gailendu eta legitimatu.
Erkidego honek Europa mailako autonomia eta eskuduntza maila altuena duela entzuten bada ere, zalantza da multinazionala baldintzatzeko Estatuek adinako gaitasuna-boterea-tresnak ote ditugun. Espainiako Gobernuak ezer gutxi egingo du (ez bazaio presionatzen), hemen edo Asturiasen berdin zaiolako. Baina Jaurlaritzak ba al du ahalmena/grina egoerari taxuz aurre egiteko? Badu ahalmena elektrizitatea merkatzeko? Mittali presionatzeko? Inbertsio planak ezartzeko?
Eskoziako gobernuak ezarri digu ispilua. Tata Steel enpresaren bi lantegi ixteko planaren aurrean, hango gobernuak bi lantegiak erosi eta balio erantsi altuko apustua egiten duen beste erosle bat aurkitu baitu. Zumarragako lantegia bideragarria bada, SPRI edo Jaurlaritzak antzeko eragiketa egin ahalko luke?
Krisiak erakutsi digu merkatu-ekonomia babesten duten administrazioek (Amerikako Estatu Batuetan eta Europan) ez dutela konplexurik banku sisteman eta industrian politika interbentzionistak egiteko. Ez al da garaia gure politika industriala indartzeko, inbertsio produktibo publiko zuzena aktibatzeko, tresna eta praktika berriak gehitzeko?
Emprendizaje hitz bolo-bolo dabilen honetan, ez da garaia botere publikoak ekintzaile izateko?