
Ane Mujikaren heriotzak bizitzaren aurpegirik krudelena erakutsi digu ormaiztegiarroi. Bere heriotzak barrenak astindu dizkigu gutxitan egiten duen bezala, eta askoren kasuan gorderik geneuzkan sentimenduak azaleratu ditu, guztiok baikara Aneren egoera bidegabearen jakitun. Gure samina izan da azaleratu dena eta familiarekiko elkartasun adierazpenak ugariak izan dira.
Astelehenean herriko udaletxera gerturatu zen Aneren familia, Ormaiztegiko herriak erakutsitako elkartasuna eta maitasun adierazpenak eskertzeko asmoz; herritar bakoitzari banaka eskertzea ezinezkoa zela eta, guztiontzat lore sorta ederra ekarri zuten ormaiztegiar guztion etxera. Ezbeharrean ere lezio ederra guztiontzat.
Hanka sartzeko beldurrik gabe esaten dut ormaiztegiar guztion izenean, eskerrak ematea Ormaiztegiko herriari dagokiola, eta ez bakarrik bizitza honetan tokatu zaion ezbeharrean Anek egunero erakutsi digun duintasuna, kemena edo adoreagatik. Ormaztegira lanera etorri zen momentutik herritarrekin izandako erlazio bikaina eta herriko proiektuetan izandako inplikazioa eredugarriak izan dira, ordiziar hau gure herrian betirako errotuta sentitzen dugularik.
Beraz, gutun honen bitartez familiari eta bereziki Aneri erakutsi nahi diogu gure esker ona. Eta bide batez familiari jakinarazi zurrunbilo honen ostean, urak bere onera datozenean, berak lagundu zigun bezalaxe hor izango garela gure esku dagoena egiteko, horrela nahi izanez gero.
Bien bitartean, ea Aneren Harri goxoez urte askoz gozatzeko aukera dugun. Bejondeizula Ane!
–Jon Enrique Galarza alkatea, udalbatza osoaren izenean.