Olaberriko hiri arau berriei buruz debate irekia eskatu dute
Olaberriko herritar multzo batek osatutako Barruti tiro eremuaren aurkako plataformak, Olaberriko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren aurrean udalak duen jarrera salatu du, prentsara bidalitako idatzi batean. Udalak hainbat gairi buruzko debate publikoa «saihestu» egin nahi duela deitoratu dute, eta herrian «auzitan» diren proiektu batzuen erabakiak «konpondutzat» eman nahi dituela. Tiro zelaiarena aipatu dute «nabarmenena».
Hirigintza arauak berritzeko prozesua hasia du udalak, eta horren inguruan «legez beharrezkoa eta herri mailan aberasgarria den debate publikoa» eskatu du plataformak. Tiro zelaiari dagokionez, udalak kokagune egokiena oraingoa dela adierazi duela gaitzetsi dute. «Esaten zuen ez zuela ingurumena erasaten. Horren aurka hainbat iradokizun aurkeztu genuen olaberritar batzuek, eta udalak kontuan hartu ez zituen arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztasun handiagoak eskatu dizkionean, azterketek justu kontrakoa adierazten dute: neurri handian erasaten diotela lurrari, urei eta aurreko basoari».
Zelaia itxi ordez, «beste zortzi urtean» leku berean jarraitzeko proposatzea ez du egoki ikusi taldeak. Alkateak egunkari honetan esan zuen leku berria pentsatuta dutela, Amoskategi aldeko lur betelan batan. Plataformaren iritziz, zelaiak toki berrian ere ingurumena erasango luke, «eta beraz ezin da legeztagarria izan».
Bihar batzartzeko deia
Eraiki beharreko etxebizitza kopuruaz ere «herri mailako inolako hausnarketa konpartiturik» ez dela izan salatu du taldeak.
Gai horiek lantzeko, eta Arauen helegiteei buruz hitz egiteko, bihar bilera bat antolatu dute, olaberritar guztientzat irekia, 19:30ean, Arkupe elkartean.