Mongolia lautik, Lizarrusti menditsura
Ataungo Lizarrusti gainean, Gipuzkoan bizi diren 150 mongoliarrek Nadam aberri festa ospatuko dute, larunbatean. Hango kultura nomada, borrokak eta ohiturak erakutsiko dituzte, 'ger' etxola eraikita.Mongoliarren Nadam festa nazionala uztailaren 9an osp...
Ataungo Lizarrusti gainean, Gipuzkoan bizi diren 150 mongoliarrek Nadam aberri festa ospatuko dute, larunbatean. Hango kultura nomada, borrokak eta ohiturak erakutsiko dituzte, ‘ger’ etxola eraikita.
Mongoliarren Nadam festa nazionala uztailaren 9an ospatu ohi dute. Aurten, Gipuzkoan bizi diren mongoliarrek Lizarrustin ospatuko dute beren aberri eguna, larunbatean. Lizarrustiko Parketxeak eta haren arduradun Joxerramon Agirre Marron-ek Mongoliari eskaini diote arreta.Larunbatean, 10:00etan hasiko da festa. Mongoliarren hiru autobuskada etorriko dira, 150 bat lagun. Denak Gipuzkoan edo inguruan bizi dira. Nomada kulturako ezaugarriak, ohiturak, gastronomia eta folklorea erakutsiko dituzte.
«Menditik iritsiko dira, zaldiz. Nomadak dira mongoliarrak. Ger edo yurta muntatuko dute, nomaden etxea. Musika joko dute, abestu, haur kantuak eta ipuinak, borroka motak, tortoloxa jolasak…», dio Marronek.
Ardikia prestatuko dute
Bien bitartean, eta 14:00etan mongoliarren bazkaria hasi arte, ardikia prestatuko dute, Mongoliako erara. Lizarrustira joaten diren bisitari guztiek probatu ahalko dute.
Larunbata egun betea eta oparoa izango da Ataunen. Ehunmilak eta G2H ultratrailak Lizarrustitik igaroko dira, batetik. Gau Ibilaldi Mitologikoa egingo dute gauean, bestetik. Hori dena, mongoliarren Nadam festaren kolorearekin zipriztindua.
Mongoliari eskainitako ekitaldien hasiera izango da festa. «Urtero herrialde bati eskaintzen diogu zikloa. Iaz Nepal izan zen, eta aurten Mongolia aukeratu dugu. Mongoliarrak Lizarrustin izan dira aurretik, Nadam festa ospatzeko modurik ba ote zen ikusten. Gustatu zaie lekua».
Erakusketa eta jaialdia
Marronek ondo ezagutzen ditu Mongolia eta mongoliarrak. «Batzu-batzutan izan naiz han. Gertutik ezagutzen ditut mongoliarrak, herrialde interesgarria da».
Ezagutza horren adierazgarri, Marronek Mongolian ateratako argazkien erakusketa da. Uztailaren 9tik irailaren 25era egongo da ikusgai, parketxeko aretoan.
Uztailaren 29an, berriz, Estepako arnasa dokumentala emango du, eta mongoliar abeslariak ariko dira.