Legazpiko ahotsa, Sagel taldearen ikuskizunean
Izaro Markotegik abesten du Sakabi, Gelatxo eta Elgeta trikitilariak omentzeko Sagel taldeak sortutako 'Ura gara bidean' ikuskizunean. Larunbatean eskainiko dute, Latxartegin, 19:30ean.
Larunbatean Azaroan Musika zikloaren emanaldi berri batekin dute hitzordua legazpiarrek Latxartegi aretoan, 19:30ean. Sagel taldeak Ura gara bidean ikuskizuna eskainiko du, musika eta dantza uztartuz, eta Izaro Markotegi Zubillaga abeslari legazpiarra arduratuko da ahotsa jartzeaz.
Erromeria munduan egin zuen debut publikoa Markotegik musikaren munduan, 16 urte inguru zituenean, eta hainbat taldetatik igaro ondoren, Ura gara bidean proiektuan dago murgilduta, 2023an Sagel sortu zenetik. Abeslari legazpiarrak azaldu duenez, «Iñaki Letamendia atabalaria da Sagelen sortzailea, eta aukera eman zidan taldean kantatzeko». Hala, duela hiru urte hasi ziren ikuskizunerako gidoia muntatzen eta entseatzen, eta 2024an estreinatu zuten, Villabonan. Ordutik ibilbide oparoa egiten ari da, eta oraingoan, Legazpira iritsiko da.
‘Sakabi, Gelatxo eta Elgeta’
Musika eta dantza dira emanaldiaren osagaiak. Musika Iñaki Letamendiak berak jartzen du atabalarekin eta perkusioarekin, Andoitz Antzizarrek trikitiarekin, eta Izaro Markotegik ahotsarekin. Dantza, bestalde, Villabonako Oinkari taldeko dantzarien ardura da. «Legazpiko saiora bi emakumezko etorriko dira».
Sagel taldearen izena Sakabi, Gelatxo eta Elgeta trikitilarien izenetatik dator, «haiei omenaldi bat da», azaldu du Markotegik, eta Ura gara bidean ere bai. «Trikitilarien piezak jotzen dituzte ikuskizunean, eta nik haien bizitza kontatzen dut abestietan, Iñigo Legorburuk idatzitako letren bidez». Abeslariaren saioez gain, musikariek pieza tradizionalak eta horien bertsio modernoak jotzen dituzte. «Tradiziotik modernora egindako ikuskizun bat da, hori islatu nahi dugu hiru trikitilariak omenduz».
Markotegirentzat, erromeriatan landutako abeslaria izanik, proiektu erakargarria izan da hasieratik. «Iñakik proposamena egin zidanean, justu erromeriak utzita nituen, eta gustura hartu nuen, lasaiagoa zelako, oso desberdina, eta aldi berean, eskakizun maila handiagokoa; erronka handia zen». Publikoa ere desberdina dela dio, eta alde horretatik, «kristoren harrera» izan duela azpimarratu du.
Legazpiri begira, urduri
Legazpiko hitzorduari begira, «oso urduri» dagoela aitortu du, «gainera eztarria pixka bat izorratuta dut». Publikoan familia, lagunak, ezagunak aurrean izatea ardura handia dela dio, baina aldi berean babesa ere bai. «Erronka oso polita da, baina errespetuarekin begiratzen diot».
Gainera, gertuko publiko horren aurrean erregistro desberdinarekin aurkezteak ardura gehiago eransten diola uste du. Izan ere, Izaro Markotegi beste musika estilo batean aritu zen Segelera iritsi arte, eta erromeriek eskatzen duten erritmo biziekin eta aldakorrekin abesten zuen, beti musikariek lagunduta, eta «orain, a capella ere kantatzen dut tarteka!».
Kantuan, txikitatik
Gazte-gazte hasi zen Izaro Markotegi abesten publiko aurrean, «16 urte nituen, eta 11 urte igaro dira ordutik; ez dut ia gogoratzen ere nola ezagutu nituen taldeko kideak!», dio. Behelaino erromeria taldeaz ari da. «Etxean betidanik abestu dut, eta Ordizia aldean sortu zitzaidan talde horretan sartzeko aukera», eta ondoren talde gehiagotan ibili zen kantari.
Geldialdia etorri zen gero, Sagelek hasi arte, eta proiektu horretan dabil murgilduta azken hiru urteetan. Horrekin batera, badu zerbait esku artean, lan pertsonal bat, «baina orain ez da unea hori aurrera ateratzeko, eta noizbait aterako da».














