«Erdalduntze goiztiarra saihesteko esperientziak diseinatu behar dira»
Ikastolen Elkarteak Jardunaldi Pedagogikoak egin ditu Donostian; euskararen biziberritzeak dituen erronkei erantzute aldera, murgiltze ereduaren berrikusketak nolakoa izan behar duen aztertu dute. Iñaki Iurrebasok eman du lehen hitzaldia.
Iñaki Iurrebaso soziolinguista.Andoni Canellada / FOKU Ikastolen Elkarteak gaur ditu Jardunaldi Pedagogikoak, Donostian, Kursaalean. Murgiltze eredua «birpentsatu eta indartzeko bideak» aztertzeko foroa izango da. Egun osoko egitaraua antolatu dute. Laguntzailea da BERRIA. Lehenengo hitzaldia Iñaki Iurrebaso soziolinguista eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ikerketa teknikariak eman du (1967, Legazpi, Gipuzkoa); bere doktore tesiaren bidez —eta lan horretan oinarrituta Garikoitz Goikoetxearekin batera ondutako Esnatu ala hil liburuarekin ere bai—, euskararen biziberritzearen egungo erronka orokorrak ulertzen saiatzeko begirada berritua ekarri du; ezagutzak ez ezik, gaitasunak eta testuinguruak hiztunen hizkuntza hautuetan izaten duten eraginari erreparatzeko tresnak eman ditu, eta euskara trinko dagoen eremuen berebiziko garrantziaz ohartarazi. Ideia horiek oinarri hartuta, hezkuntzara begirako lanketa bat aurkeztuko du gaurko mintzaldian. Ororen buruan, «irudimenez» jokatzeko aroa dela uste du, hezkuntza komunitateen «militantzia» ere berriz piztuta.
Murgiltze ereduaren berrikusketa artaz lantze aldera, zer ideia izan behar dituzte ondo zuztartuta hezkuntza komunitateek? Zer azpimarratu nahi duzu?
Gure eskema orokorra ulertzeko, kontuan hartu behar da igaro 60 urteotan sozializazioaren arloak —hizkuntza hurrengo belaunaldiei transmititzeak— ondo funtzionatu duela. Hori oso arraroa da hizkuntza gutxituetan. Askotan kexatzen gara, eta esaten dugu haurrek edo gazteek ez dutela euskara asko erabiltzen. Baina gainerako belaunaldiek baino gehiago erabiltzen dute. Izugarrizko lorpena da hori, eta baloratu egin behar dugu. Eta lorpen hori dugu gauza asko ondo egin direlako: egia da, gauza asko ondo egin dira. Hori ez da eskolaren meritua bakarrik; eskolak meritu handia du, baina ez da eskolaren meritua bakarrik.
Sozializazioan eragiten duten aldagaiei begira, oro har, oinarrizko eskema da familiak eta eskolak, orokorrean, euskararen alde egiten dutela; testuinguru hurbilak —lagun giroak, kaleak, auzoak…—, berriz, gehienetan, kontra, jende gehiena inguru oso erdaldunduetan bizi baita. Kultur kontsumoak, hedabideek, ikus-entzunezkoek… Mundu horrek ere kontra egiten du. Ona da eskema hori argi edukitzea, eskolaren eragina ulertzean beti kontuan hartu behar baita testuinguru jakin batean egiten duela lan.
Garrantzitsua da urteotan egin den lanaren goraipatze hori.
Horren barruan, niri gustatzen zait beti azpimarratzea familien aldetik egin den ahalegin handia; gaur egungo haurrek jasotzen dute askoz euskara gehiago etxean beren gurasoek jaso zutena baino. Horrek esan nahi du etxean euskara jaso ez eta ondoren euskaldundu diren herritar askok euskara transmititzen dietela seme-alabei, nahiz eta askotan horrek berekin ahalegin erantsi handi samar bat ekarri. Hori da gure komunitateaz oso harro egoteko elementu bat. Izan ere, joera hori ere ez da batere arrunta, oro har, hizkuntza gutxituetan. Eta euskaldun ez diren sektoreetan ere lortu da gutxienez haurrak hizkuntza eredu euskaldunetara bidaltzea; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez ere. Hori ere lorpen izugarria da. Nahiz eta familian edo eskolan ahalegindu, kontrako aldagaiak ere hor dira: haurrak kalera edo jolastokira ateratzen direnean hizkuntza arrunta gaztelania edo frantsesa bada, horrek erakarpen indar handia dauka, eta horrek eragiten du erdalduntzea.
Eskolan bertan zer hobetua bada. Zertan, adibidez?
Ni ez naiz aditua hezkuntza gaietan, baina, datu demolinguistikoek jartzen duten markotik abiatuta, ausar naiteke iritzi batzuk ematera. Unibertsitateko irakasleek ondo dakiten moduan, adibidez, herri euskaldunenetako gazteek askotan ez dakite batuan hitz egiten; aurkezpenak-eta bakoitzak bere euskalkian egiten ditu. Hori oztopo bat da. Agian ez diogu behar duen garrantzirik eman, baina ahozko batua ere ondo menderatzea, gehienbat ingurune euskaldunenetako hiztunek, garrantzitsua da. Berdin kultur kontsumoan: ingurune euskaldunenetan ere —besteetan zer esanik ez— musika edo idatzizko lanak gehiago kontsumitzen dituzte erdaraz euskaraz baino. Hori ere ez da, jakina, eskolaren jardunaren ondorioa bakarrik, baina agian eskolak ahalegin handiagoa egin dezake euskarazko kulturazaletasun sendoago bat lantzen.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













