Amaia Iztueta: «Haurrei pardelak aldatzeaz gain, lan pedagogiko handia egiten dute hezitzaileek»
LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuek hiru orduko lanuztea deitu dute gaurko, Haurreskolak Partzuergoaren barruko haur eskoletan. Soldatetan eta lan baldintzetan izandako murrizketak salatzea da mobilizazio horren helburua. Amaia Iztueta hezitzaileak eta LABeko Goierriko haurreskoletako ordezkariak eman ditu lanuzteari eta egin dituzten eskaerei buruzko xehetasunak.
Lan baldintzen murrizketak aipatzen dituzue lanuztea egiteko arrazoi gisa. Zein dira murrizketa horiek?
Murrizketak bi motakoak dira. Batetik, soldatari dagozkionak eta bestetik, hezitzaile kopuruari eta ratioari dagozkionak. Azken horretan sartzen dira, bajak daudenean ordezkapenak ez betetzea, hasieratik egokitzapenean behar adina hezitzaile ez kontratatzea eta kurtsoa bukatzera doanean hezitzaileak batetik bestera aldatzea. Ematen diren murrizketak horiek izan arren, aipatu behar da Goierriko haur eskoletan errealitate desberdinekin topo egiten dugula.
Zein ondorio dute murrizketek haur eskoletan ematen den zerbitzuan?
Haurren hezkuntzan eta zerbitzuaren kalitatean eragina dute murrizketek. Hezitzailearen lanaldia bi zatitan banatuta egoten da. Zati bat haurrekin egoteko erabiltzen du eta bestea, prestakuntzarako. Ordezkapenak behar bezala ez egiteak, hezitzaile bakoitzak prestakuntzara bideratu beharreko denbora ez hartzea eragiten du eta ondorioz, lan pedagogikoa ezin dute behar bezala burutu. Bestalde, haur eskolako koordinatzaileak ere ordu kopuru bat izaten du kudeaketa lana egiteko. Egoera honetan, lansaiotik kanpo bete behar izaten dituzte ordu horiek.
Eta nola bizi dute egoera hori hezitzaileek?
Hezitzailearentzako lan karga handia suposatzen du. Nahiz eta ratiotik kanpo ibili eta ordezkoak eskatu, ez diete jaramonik egiten ordea, eta hezitzaileak iritsi ezinik dabiltza. LABen ustez, haur eskoletarako dugun proiektua aurrera eraman ahal izateko zailtasun handiekin topo egiten dugu hezitzaileok. Gure proiektua 0-3 adinekoen hezkuntza sistema bermatzea da, eta zerbitzu publikoa izanik doakoa eta euskalduna izan beharko litzatekeela uste dugu. Egun gurasoek kuota altua ordaintzen dute eta batzuk iritsi ezinik dabiltza. Murrizketek horretan ere eragina dute, ordaintzen ari diren kopurua ez baitator bat haur eskola batzuetan jasotzen duten zerbitzuarekin.
Gurasoek ba al dakite zehazki egoera zein den?
Goierrin egoera eta errealitate desberdinak daude. Badaude esaterako, hezitzaile bakarrarekin funtzionatzen duten haurreskolak. Berez, hezitzaile bat eta erdi egon beharko lirateke bertan, baina erdi hori ez dute betetzen. Eskola handiago batzuetan, gaixotasun bajak daudenean ez dute hezitzailerik bidaltzen. Bidaltzen duten kasuetan berriz, askotan lanaldi osoa bete beharrean erdia bakarrik betetzen dute eta hezitzaileak denera iritsi ezinda ibiltzen dira. Beste haurreskola batzuetan aldiz, murrizketen ondorioak ez dira horrenbeste nabaritzen. Errealitate horren arabera, murrizketek eragin handiagoa dute familia batzuengan besteengan baino.
Zein da Administrazioaren jarrera?
Soldata murrizketei dagokionean, 2010ean epaiketa izan genuen eta gure aldekoa izan da epaia, nahiz eta behin betikoa ez izan. Dena den, Administrazioaren jarrera oso itxia da oraingoz eta beraz, behartuta ikusi dugu gure burua berriz ere kalera irtetera eta gure lan baldintzak errespetatu ditzaten eskatzera.
Hezitzaileen lanaren izaera pedagogikoa sozializatzea ere eskatzen duzue.
Bai, halaxe da. 0 eta 3 urte arteko etapa bizitzako etaparik garrantzitsuenetakoa dela uste dugu eta haurrek kalitatezko hezkuntza eta zerbitzua behar dute. Bestalde esan, hezitzaileek egiten duten lana pardelak aldatzea, jana ematea eta lotara eramatea baino askoz gehiago dela. Haurren elikaduraz, atsedenaz eta garbitasunaz arduratzeaz gain, lan peda- gogiko handia egiten dute hezitzaileek. Hezkuntzak pisu handia du, beraz. Horregatik uste dugu hezitzaileok egiten dugun lana aitortu behar dela. Guzti hori aurrera eramateko murrizketek ez dute batere laguntzen, alderantziz, oztopoak jartzen dituzte.
Duela gutxi hauteskunde sindikalak izan dira. Pozik egongo zarete emaitzekin, ezta?
Bai, oso pozik gaude. Gipuzkoan LABek hamahiru ordezkari lortu ditu, aurreko hauteskunde sindikaletan baino lau gehiago. STEE-EILASek hiru lortu ditu eta ELAk bat. Gainera, aipatu behar da parte hartzea oso handia izan dela lurralde osoan. Goierri-Tolosa zonaldean esaterako parte hartzea %85ekoa izan da. Kopuru altua da hori gure ustez eta eskertzekoa da hezitzaileen aldetik jaso dugun babesa.
Zure ustez zergatik jaso duzue babes hori?
Nik uste faktore desberdinek eragin dutela, baina azpimarratu nahiko nuke azken lau urte hauetan eskualdez-eskualde lan oso txukuna egun dutela LABeko ordezkariek. Nik uste dut neurri handi batean egindako lanaren fruitua jaso dugula.