Agifes elkarteak babesleak saritu ditu 25. urteurrenean
Buruko gaixotasunak dituztenen senitartekoak osatzen dute Agifes elkartea. Gipuzkoa mailan lan egiten du, eta asteburuan, elkartearen 25. urtemugaren harian, orain arteko babesleak saritu dituzte. Zumarragan urteak dira Agifes elkarteak taldea duela, Goierri Garaiko kideak biltzen ditu, eta hastapenetan Bitoriano Arrazola legazpiarrak egindako lana “ezinbestekotzat” jotzen dute kideek.
Zumarragako, Donostiako, Iruneko, Elgoibarko eta Oiartzungo Udalak saritu dituzte hain zuzen, «elkartearen 25 urte hauetan emandako laguntzagatik». Izan ere, herriotan Agifesek taldeak ditu. Udalei esker ona emateaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxaren Gizarte Lanak eta Arartekoak emandako babesa eskertu du Agifesek. Bide batez, 25 urteotan “buruko osasunaren eremuan egindako aurrerapenak” azpimarratu dituzte.
Ospital piskiatrikoetako ateak
25 urte dira Osasun Lege Orokorra aldatu zutela Espainian eta aldaketa honek, «ospital psikiatrikoetako ateen irekiera eragin» zuela gogoratu zuen Euskal Herri mailako elkarteko Maria Angeles Arbaizagoitiak. Buruko gaixotasunak zituztenak ez ziren jada ospitaletan egon behar nahitaez. Honek etxeetarako buelta ekarri zuen, eta orduan sortu ziren senitartekoen elkarteak.
Zumarragako Agifes
Zumarragako Agifes elkartean hamar familia inguru batzen dira. Hitzaldiak eta jarduerak antolatzen dituzte, beti ere, «egoera berdinean daudenak gonbidatu asmoz». Orain, Aitziber Gine psikologa legazpiarrarekin talde-terapia egiten ari dira hileko lehenengo ostiraletan, Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean. Saioak irekiak eta doanekoak dira.