“Artzaintza lanbide gogorra da, batez ere afiziorik ez duenarentzat”
Luis Katarain (Idiazabal, 1926) artzaina da umetatik, eta bolada batzuetan lanbide gogorra dela aitortu arren, berak oso gustuko du. Maiatzean mendira joango da eta han igaroko du uda, ardien eta artzain txakurraren konpainian. Aldez aurretik, ordea, Gazta Egunean parte hartuko du Idiazabalen, egun hori oso garrantzitsua baita berarentzat. Noiz hasi zinen artzain lanetan? Hamalau bat urte nituela hasi nintzen. Gure aitak eta aitonak ardi zahar batzuk erosi zituzten. Artean eskolan nenbilen, baina ardi haien arkumeak ikusi nituenean kitto nire eskolarako gogoa! Izugarri gustatu zitzaizkidan, eta horrela hasi nintzen ardiak zaintzen. Eta mendira joaten noiz hasi zinen? Handik urte pare batera, udaran, ardiak Irumugatako mendira eraman nituen. Egunean bi buelta egiten nituen ardiak zeuden lekura, gutxi gora behera ordu eta erdiko bidea eginez. Handik lau urtera berriz, Arantzamendira joan nintzen. Hutsik zegoen txabola baten jabeari baimena eskatu, berritu bat eman eta han hasi nintzen lanean. Ordutik 60 uda pasatu ditut bertan lo eginez. Nolakoa zen han zure bizimodua? Goizean 07:30ak edota 08:00ak aldera jaikitzen nintzen. Artaldea zegoen lekura joan, ardiak bildu eta jaitzi egiten nituen. Batzuetan zeuden lekuan bertan eta beste batzuetan txakurren laguntzarekin bildu, txabola ondora eraman eta han jaizten nituen. Gauean berriz jaizten nituen. Eta zer egiten zenuen egunean [...]
Luis Katarain (Idiazabal, 1926) artzaina da umetatik, eta bolada batzuetan lanbide gogorra dela aitortu arren, berak oso gustuko du. Maiatzean mendira joango da eta han igaroko du uda, ardien eta artzain txakurraren konpainian. Aldez aurretik, ordea, Gazta Egunean parte hartuko du Idiazabalen, egun hori oso garrantzitsua baita berarentzat.
Noiz hasi zinen artzain lanetan?
Hamalau bat urte nituela hasi nintzen. Gure aitak eta aitonak ardi zahar batzuk erosi zituzten. Artean eskolan nenbilen, baina ardi haien arkumeak ikusi nituenean kitto nire eskolarako gogoa! Izugarri gustatu zitzaizkidan, eta horrela hasi nintzen ardiak zaintzen.
Eta mendira joaten noiz hasi zinen?
Handik urte pare batera, udaran, ardiak Irumugatako mendira eraman nituen. Egunean bi buelta egiten nituen ardiak zeuden lekura, gutxi gora behera ordu eta erdiko bidea eginez. Handik lau urtera berriz, Arantzamendira joan nintzen. Hutsik zegoen txabola baten jabeari baimena eskatu, berritu bat eman eta han hasi nintzen lanean. Ordutik 60 uda pasatu ditut bertan lo eginez.
Nolakoa zen han zure bizimodua?
Goizean 07:30ak edota 08:00ak aldera jaikitzen nintzen. Artaldea zegoen lekura joan, ardiak bildu eta jaitzi egiten nituen. Batzuetan zeuden lekuan bertan eta beste batzuetan txakurren laguntzarekin bildu, txabola ondora eraman eta han jaizten nituen. Gauean berriz jaizten nituen.
Eta zer egiten zenuen egunean zehar?
Ardiak sartzeko moduko zuloak egoten ziren mendian, eta aizkorarekin egurrak moztu eta zuloak tapatzen ibiltzen nintzen. Sutarako egurrak biltzen nituen eta horrelako beste hainbat lan ere egiten nuen. Tokatzen zenean ardiei ilea ere mozten nien. Lan hori neronek egin nahi izaten nuen, gainera. Lehendabiziko aldiz zeregin horretan hasi nintzenean, guraize txiki batzuekin hasi nintzen. Ez nuen lanik aurrera ateratzen. Guraize handiago batzuk inguratu behar izan nituen ardiei ilea mozteko.
Hasiera hartan ez zenuen esperientzia handiegirik edukiko.
Ez. 18-19 urte nituen orduan eta hasieran ezagupide handirik ez nuen artzantzari buruz. Ez nuen jakiten zer eta nola egin. Baina pixkanaka ardiei begiratuz eta zer egiten zuten ikusiz hasi nintzen esperientzia hartzen. Jendeak esandakoak ere entzuten nituen, horrela ere ikasten baita.
Zenbat ardirekin hasi zinen?
47rekin hasi eta 140 buru izatera iritsi nintzen. Ardiak oso gustuko ditut eta artaldea hobetzera dedikatu naiz. Muturra eta hankak beltzak eta ilea txuria dituzten ardiak gustatzen zaizkit. Denak norberaren gustura jartzea zaila izaten da, baina lana eginez gero hobetzen da artaldea.
Nork erakutsi zizun gazta egiten?
Irumugatan ardiak nituen garai hartan ikasi nuen gazta egiten. Han ardiei jaitzitako esnea etxera ekarri, berotu eta ama zenak erakutsi zidan nola egiten den. Eskuz egiten genuen, artean ez baitzen oraingo aurrerapenik.
Gazta egiteko sekretuak ere ezagutuko dituzu, ezta?
Kilo inguruko gazta egiteko sei litro esne behar dira. Esneak epela egon behar du, ez hotza eta ez beroa. Gazta ona egiteko bestalde, esnea edaten ari den arkumearen gatzagia erabili behar da.
Gaztaia egiten jarraitzen al duzu?
Orain arte egin izan ditut. Iaz 30 gazta egin nituen, berandu umea egindako ardien esnearekin.
Saltzen al dituzu?
Bat edo beste saltzen dut. Etxera ere ekartzen ditut batzuk, baina besteak niretzat izaten dira, txabolan nagoen bitartean jateko.
Galtzerdiak ere egiten dituzu.
Bai, gazta egiten ikasi eta geroxeago hasi nintzen galtzerdiak egiten, 20 bat urte nituela. Ataunen bazeuden bi lagun galtzerdiak egiten zekitenak eta haiek erakutsi zidaten. Ilea moztu (ile bigun antzekoa behar da, beltzunerik eta arrastorik gabea), garbitu, ondo kardatu eta galtzerdia egin. Denbora pasatzeko lantegi ona da.
Zein prezio du ardiaren ileak?
Duela 15-20bat urte 100 pezeta ordaintzen zuten kilo bat ilerengatik, orain ez du batere balio. Gure etxera tolosar bat etortzen da ilearen bila, baina artzain askok beraiek eraman behar izaten dute.
Idiazabalgo gaztak ospe handia hartu du. Pentsatzen al zenuen gaztetan horrelakorik gertatuko zenik?
Ez, nik ez nuen uste orduan Idiazabal gaztak horrelako ospea hartuko zuenik.
Artzainentzat ona izango da hori, ezta?
Nik ez dut gazta asko saldu, baina saldu behar duenarentzat ona da.
Laster mendira joango zara.
Bai, maiatzaren hasieran joango naiz, Idiazabalgo Gazta Eguna pasatzen denean. Orain etxekoen laguntza behar izaten dut, ez baitut kotxerik erabiltzen. Ardiak berriz, oinez eramango dituzte. Hori dela eta, mendira joateko garaian arkuma txikirik egon ez dadin, ahariak apartatuta edukitzen ditut.
Hara joan aurretik lan asko egin behar izaten da?
Bai, gauza denak prestatu behar izaten ditugu eta txabola ere txukundu egin behar izaten dugu.
Ilusiorik ba al duzu hara joateko?
Bai. Sasoia neukanean ezin etsita egoten nintzen, mendira joateko desiatzen. Orain ez naiz gauza lan batzuk egiteko, baina hala ere ilusioa dut hara joateko.
Artzaintza lanbide gogorra dela diote.
Gogorra bada, batez ere ganaduarekiko afiziorik ez duenarentzat. Nik oso gustuko ditut ardiak. Hori bai, bolada batzuetan gogorra da. Beste batzuetan, ordea, festan baino hobeto ibiltzen naiz.
Zuretzat garrantzitsua da artzaintza. Zein aholku emango zenioke hasi nahi duen bati?
Lanbide honetan hasteko garrantzitsua iruditzen zait ganaduarekiko afizioa edukitzea. Hori baldin badu, ardiak ondo zaintzeko esango nioke, gauza asko hartu behar baitira kontutan: besteak beste, eguraldia, elikadura eta osasuna.