Bi Handietan, etxekoak nagusi
Txikitatik, dozenaka aldiz igo eta jaitsi dituzte Goierriko mendiak Elena Calvillo eta Xabier Larrion beasaindarrek. Aralargo zelaiak eta Aizkorriko harkaitz tarteak ederki ezagutzen dituzte, eta, agian horregatik, lehen postuan amaitu zuten iaz Goierriko Bi Handiak proba. Urtebete geroago, poz handiz gogoratzen dute «etxeko» garaipena. Larrionentzat proba oso polita izan zen, «eskualdeko bi mendilerro nagusiak lotzen dituelako eta hemengo mendietan barrena egin zelako, txikitatik ezagutzen ditudan mendietan barrena».
Calvillorentzat zirraragarriena Aralar gauez zeharkatzea izan zen. Aurretik sekula ibili gabea zen gauez mendian, argia kopetan jarrita, eta horrek, «beste puntu bat eman zion probari». G2H lasterketak beraz, betikoa eta berria uztartzeko aukera eman zion. Aurten ez du proban parte hartuko, baina boluntario lanetan ariko da. Larrion, berriz, iazko esperientzia errepikatzeko asmoz irtengo da ostiral gauean Beasaingo plazatik.
Probako gora-behera guztiak, zelaiak, pasabideak, tontorrak, jaitsierak… jakiteak «konfidantza» eman zion Calvillori, eta Larrionen ustez, horrek lasterketan zehar zein erritmo mantendu jakiten laguntzen du, «halako probetan indarrak neurtzea oso garrantzitsua delako». Alde negatiboa ere baduela onartzen dute ordea, «gaizki bazoaz badakizulako zenbat eta zer geratzen zaizun egiteko, eta motibazioa galtzeko aukera asko daude».
Aurretik egindako lana
Probaren egunean zein erritmo mantendu jakiteko, korrikalari bakoitzak bere burua ondo ezagutu behar du beasaindarren ustez. Baina batez ere, prestaketan dago gakoa. Calvilloren ustez, «probak erresistentzia handia eskatzen du, eta entrenamenduak ere luzeagoak egin behar dira». Korrika baino gehiago, «aurrez mendian ordu asko ibiltzea» eskatzen du G2H bezalako proba batek.
Iaz, proba aurreko asteetan, ibilbidea osorik egin zuten Calvillok eta Larrionek: «Asteburu batean probaren erdia egin nuen, eta beste batean hurrengoa. Horrek indarrak kalkulatzeko eta ibilbidea modu sakonagoan aztertzeko aukera eman zidan», kontatu Larrionek. Calvillok ere berdina egin zuela aitortu du.
Asteburu honetan Goierritik eta Gipuzkoatik kanpoko jende asko etorriko da, ordea, Txindoki eta Aizkorri lotzen dituen bidea egitera. Asko Herrialde Katalanetako korrikalariak izango dira, baina nazioarte mailako parte-hartzaileak ere egongo dira. Horrek probari «beste maila bat» ematen dio. Calvilloren ustez: «Horrek, mota eta esperientzia guztietako korrikalariekin batera mendian korrika ibiltzeko aukera ematen du».
Parte hartzaileen artean ordea, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldea nabarmena da. Calvillok animatu egiten ditu emakume kirolriak, «halako proba batean parte hartzeak beste motibazio bat ematen duelako, eta parte hartzen jarraitzeko gogoa pizten zaizulako. Nire ustez probatzea da kontua».
Aholku nagusia, gozatzea
Lasterketaren atarian, aurten Goierriko Bi Handiak proban parte hartuko duten korrikalariak izan dituzte gogoan iazko irabazleek, eta probaz gozatzeko aholkua eman diete. «Buruarekin korrika egin eta gozatzea da nik emango nieken aholkua, ondo jan eta ahal dutenean deskantsatzeko, proba amaitzeak bakarrik, merezi duelako», esan du Calvillok.
Larrionek berriz, animoek behera egindakoan, indarrak dauden lekutik atera eta aurrera jarraitzeko esan nahi izan die korrikalariei: «Jendearen animoek asko laguntzen dute, berez proba oso gogorra delako, eta animoek bultzadatxo bat ematen dute aurrera jarraitzeko».