Francori harrera Beasainen
Francisco Franco Bahamonte 36ko kolpe militarraren eta ondoren osatutako gobernuaren burua Beasainen izan zen, 1945. urtean. Garaiko kroniken arabera, «harrera beroa» egin zioten herritarrek, autotik jaitsi ez bazen ere.
Espainiako tropa faxisten altxamenduak eta ondorengo gerrak arrasto handia utzi zuten Goierrin. Baina Francisco Franco Bahamonte, kolpe militarraren eta ondoren osatutako gobernuaren burua, bederatzi urte geroago, 1945eko irailaren 14an, iritsi zen aurrenekoz Goierrira. Madril utzi eta Donostian, Aieteko jauregian egun batzuk pasatzera zetorren generalisimoa, baina Burgosetik eta Arabatik barrena zetorrela, Beasainen egin zioten harrera ofiziala.
Garaiko kronikek azaltzen dutenez, «harrera beroa» egin zioten agintariek eta herritarrek Francori. 19:30ean iritsi zen Beasainera. Erregimenaren aldeko jarrera garbia agertzen zuen Diario Vasco egunkariak, detaile handiz kontatu zuen harrera hura, biharamuneko egunkarian. «Beasaingo herria galaz jantzita zegoen; herri sarreran, Nafarroa etorbidean, garaipenaren arku eder bat zegoen, Estatu Buruari agur maitakor bat eginez».
Herriko alkatea eta zinegotziak, apaiza eta gotzaina, aldundiko ordezkariak, gobernadore zibila eta marinako eta aireko armadako ordezkariak bildu ziren bertan, besteak beste.
Kronistaren kontakizunarekin jarraituz, herritarrek Franco «txalo eta gora artean» hartu zutela dio. Korneta eta danbor jolez osatutako banda batek, Espainiako himnoa ere jo zion. Hala ere, Francok ez zuen Beasaingo lurrik zapaldu, ez baitzen autotik jaitsi ere egin. Kronikaren egilearen arabera, «jendea emozioz gainezka» egitear zegoelako.
Harrera haren ondoren, Donostiarako bidea jarraitu zuen. Bidean pasatako herri guztietan, «herritarrak kalera atera ziren errespetuzko eta maitasunezko omenaldia eskaintzeko». Gainera, zenbait herritan, garaipenaren arkuak jarri zituzten, eta alkate eta zinegotziak atera ziren harrera egitera; horien artean aipatzen dituzte Ordizia, Alegia, Tolosa, Andoain eta Lasarte.
Bidean ez zuen denbora askorik galdu, ordea, eta Franco iluntzeko 20:30ean iritsi zen Donostiara. Aieteko palazioaren atarian ere harrera egin zioten garaiko agintariek.
Francisco Francoren bisitak, badu beste aurrekari historiko bat, 1927. urtean Primo de Riverak Beasainen egin zuen egonaldia. Construcción y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) lantegia bisitatu zuen goi agintariak, herriko eta lurraldeko agintariek lagunduta.