Emakume kubatarrak, Iraultza bat beste baten baitan erakusketa ikusgai dago Barrenan
Euskadi-Cuba, Kubarekiko adiskidetasun eta lankidetzarako elkarteak erakusketa jarri du Ordiziako Barrena kultur etxean. Emakume kubatarrak, Iraultza bat beste baten baitan izena eman diote eta azaroaren 5era arte dago zabalik. 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 21:00etara dago ikusgai erakusketa. Panelek eta irudiek osatzen dute. Antolatzaileek emakume kubatarren inguruko datu batzuk ere eman dituzte aurkezpenean. Antolatzaileek igorritako testua: 1959tik, Iraultzaren garaipenetik, emakume kubatarrek Kubako sozialismoaren eraikuntzan berdintasunez parte hartzea eskatu dute. Emakumeek funtsezko papera bete dute, bai hasierako borroka garaian, baita ondorengo aldaketetan eta erabakietan ere. 1960ko abuztuaren 23an, Emakume Kubatarren Federazioa (FMC) sortu zen; gizarteko arlo guztietan emakumeen berdintasuna bermatzeko politikak eta programak sortzea zuen helburu FMCk. 2007an hil zen arte, Vilma Espín izan zen federazioko buru, eta gaur egun, 4 milioi afiliatu baino gehiago ditu. Kubako biztanleen ia erdia emakumeak dira. Hain zuzen, legebiltzarreko kideen %43 emakumeak dira, eta horietako %65 unibertsitatean graduatu dira; langileen %46 emakumeak dira; lan teknikoak eta profesionalak egiten dituztenak %66 dira; baita emakumeak dira ikertzaile zientifikoen %48 eta lankidetzarako misio internazionalistetara doazenen %52 ere. Borondate politikoa egon denez, aurrerapauso handiak eman dira emakumeek gizartean dagokien tokia eskura dezaten. Hori horrela, Gobernuak abian jarritako politiken xedea izan da emakumeak mendekotasun eta baztertze egoeran zituzten oztopo kulturalak, ideologikoak, [...]
Euskadi-Cuba, Kubarekiko adiskidetasun eta lankidetzarako elkarteak erakusketa jarri du Ordiziako Barrena kultur etxean. Emakume kubatarrak, Iraultza bat beste baten baitan izena eman diote eta azaroaren 5era arte dago zabalik.
9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 21:00etara dago ikusgai erakusketa. Panelek eta irudiek osatzen dute. Antolatzaileek emakume kubatarren inguruko datu batzuk ere eman dituzte aurkezpenean.
Antolatzaileek igorritako testua:
1959tik, Iraultzaren garaipenetik, emakume kubatarrek Kubako sozialismoaren eraikuntzan berdintasunez parte hartzea eskatu dute. Emakumeek funtsezko papera bete dute, bai hasierako borroka garaian, baita ondorengo aldaketetan eta erabakietan ere. 1960ko abuztuaren 23an, Emakume Kubatarren Federazioa (FMC) sortu zen; gizarteko arlo guztietan emakumeen berdintasuna bermatzeko politikak eta programak sortzea zuen helburu FMCk. 2007an hil zen arte, Vilma Espín izan zen federazioko buru, eta gaur egun, 4 milioi afiliatu baino gehiago ditu.
Kubako biztanleen ia erdia emakumeak dira. Hain zuzen, legebiltzarreko kideen %43 emakumeak dira, eta horietako %65 unibertsitatean graduatu dira; langileen %46 emakumeak dira; lan teknikoak eta profesionalak egiten dituztenak %66 dira; baita emakumeak dira ikertzaile zientifikoen %48 eta lankidetzarako misio internazionalistetara doazenen %52 ere. Borondate politikoa egon denez, aurrerapauso handiak eman dira emakumeek gizartean dagokien tokia eskura dezaten. Hori horrela, Gobernuak abian jarritako politiken xedea izan da emakumeak mendekotasun eta baztertze egoeran zituzten oztopo kulturalak, ideologikoak, psikologikoak, ekonomikoak eta sozialak desagerraraztea.
Estatuak emakumeen eskubideen eta askatasunen alde lan egin du eta bi lorpen nabarmentzekoak dira: batetik, denak irakaskuntza maila guztietara heltzeko aukera izatea eta doakoa izatea; eta bestetik, osasun-zerbitzuak doakoak izateaz gain, emakumeentzat berariazko programak egotea eta haien sexu eta ugalketa eskubideak errespetatzea. Horrela bermatu dute emakume kubatarrek beren gorputzekin lotutako erabakiak askatasun osoz hartzea. Halaber, herrialdeko arlo guztietan emakumeen parte hartzea erabatekoa izatea sustatu dute.
Kubako Iraultzaren lorpen handienetako bat emakumeak herrialdeko bizitza ekonomikoan, politikoan, sozialean eta kulturalean parte hartzea izan bada ere, kultura patriarkaletik jasotako aurreiritzi eta estereotipo sexistak gainditzeko erronkari aurre egin behar diote oraindik. Horregatik, Eskolaren, komunikabideen eta komunitateetako federatuen bidez, berdintasun-kultura indartzeko aldaketak bultzatzen dituzte.