Lau hormen arteko irriak
Ama izateko eskubidea traba eta oztopo guztien gainetik jartzea. Hori izan da Oskarbi Jauregi zaldibiarrak eta Lierni Armendariz beasaindarrak bilatu dutena. Preso daude biak, baina horrek ez die ama izateko aukera kendu. Kartzelan ezkondu ziren biak, eta biek ere, kartzelan izan dute umea. Preso dauden amek hiru urtean dute umea berekin izateko eskubidea. Bitarte horretan, eta batez ere ondoren, ezinbestekoa da familiaren laguntza, eta nola ez, amena. Ama izateaz gain, amona ere bihurtu diren amena. Alaba kartzelan izateak dituen atsekabe guztien artean, «poz handia» da beti ere ume baten etorrera, eta hala bizi izan dute bi familiek.
Ama izateko eskubidea traba eta oztopo guztien gainetik jartzea. Hori izan da Oskarbi Jauregi zaldibiarrak eta Lierni Armendariz beasaindarrak bilatu dutena. Preso daude biak, baina horrek ez die ama izateko aukera kendu. Kartzelan ezkondu ziren biak, eta biek ere, kartzelan izan dute umea. Preso dauden amek hiru urtean dute umea berekin izateko eskubidea. Bitarte horretan, eta batez ere ondoren, ezinbestekoa da familiaren laguntza, eta nola ez, amena. Ama izateaz gain, amona ere bihurtu diren amena. Alaba kartzelan izateak dituen atsekabe guztien artean, «poz handia» da beti ere ume baten etorrera, eta hala bizi izan dute bi familiek. Espetxe batetik bestera sarritan aldatu izan dituzte biak. Eta haien arabera moldatu behar izan dute bizimodua Jauregiren eta Armendarizen gurasoek.
Oskarbi Jauregi 2001ean atxilotu zuten, Zaldibian. Handik Soto del Realera (Madril, Espainia) eraman zuten, aurrena, baina geroztik beste 8 espetxe pasa ditu gutxienez. Gogoan ditu denak Oskarbiren amak, Ana Mari Amundarainek, eta errenkadan esaten ditu: «Soto, Alcala, Brieva, Almeria, Castello eta Granada. Han jaio zen lehen umea». Geroztik Aranjuezen ere egon izan da, eta orain Valentziako Picassent espetxean dago, etxetik 600 kilometrora.
Mutil laguna ere preso zuen Oskarbik, eta biak elkarrekin egon ahal izateko, ezkontzea erabaki zuten. 2006an egin zuten ospakizuna, eta 2008an izan zuten aurreneko umea, Zohargi, Granadako espetxean. Bigarrena, Ortziri, Aranjuezen jaio zen, eta hogei hilabete ditu.
Antzeko kasua da Lierni Armendarizena ere. Bartzelonan atxilotu zuten. «Oso momentu latza» pasatu zutela azaldu du Saturnina Gonzalez de Langarikak, Lierniren amak. Izan ere, atxilotuta izan zuten lau egunetan, «tortura latzak jasan behar izan zituen». Bartzelonara joan zirenean torturen gaineko salaketa jarri zuten, «baina paper haiek zakarrontzira joan ziren».
Armendarizek, duela 9 hilabete izan zuen haurra, Aiur. Oroitz Salegi presoarekin ezkonduta dago, eta hasiera batean senar-emazteak espetxe berean egon baziren ere, umea jaio zenean tokiz aldatu zuten Armendariz, Leongo Mansilla espetxetik Aranjuezera, amentzako egokitutako modulura. Senarrak, oraindik ezin izan du bere semea ezagutu; umea izanda bi gurasoak bananduta dituzten kasu bakarra dela azaldu du Armendarizen amak. «Umea izan arte biak batera eduki zituzten, baina orain bananduta daude berriz. Ama Aranjuezen dago alabarekin, eta aita bakarrik, Leonen. Legez elkarrekin egon behar lukete». Egoera salatzeko hainbat idatzi egin eta sinadurak ere bildu dituzte. Espetxeen zaintzako epaileak esan die jakinaren gainean dagoela eta datozen asteetan sinatuko duela autoa. «Esperantza horrekin gaude, baina kezkatuta nago hainbeste luzapenekin, aitaren egoera gogorra baita psikologikoki».
Familiaren papera
Preso dagoen amak, hiru urtez izan dezake umea berarekin batera. Gero, familia egiten da haren kargu. Hori da Oskarbi Jauregiren kasua. Haren seme zaharrenak bost urte egingo ditu maiatzaren 21ean. Hiru urte egin zituenean, gurasoen tutoritzapean gelditu zen. Jauregiren senarra, Antxon Sasiain bergararra, aske gelditu zen bigarren semea jaio zenerako. Jauregiren gurasoen eta bere artean zaintzen dute umea.
Kasu hauetan, amonaren papera oso garrantzitsua dela uste dute biek. Saturnina Gonzalez de Langarikaren arabera, «amona bezala geure gain gelditzen da gehiena, arropak erosi, poltsak egin, eraman… baina gustura egiten dugu».
Zailagoa da aitaren papera. «Lehen urteetan umeak amarekin pasatzen du egun osoa, eta aita kartzela berean egonda ere, astean behin ikus dezake. Eta umearentzat bisitan joaten den norbait bezala da, zaila da aita duela ulertzea. Alde horretatik aitarekin izaten duten harremana ezberdina da».
Zailtasunak zailtasun, garbi dute «umeak amarekin» egon behar duela. Lehen urte horiek oso garrantzitsuak dira, eta «oso harreman estua» sortzen da amaren eta umearen artean, «toki txiki batean eta egun osoan batera» baitaude.
Animoz indartsu
Kartzelan beraien alabek duten babesik handiena, beste preso politikoekin duten harremana dela azaldu dute bi amek. «Harrigarria da duten indarra, eta euren artean elkar nola laguntzen duten. Alde horretatik oso ondo daude». Lagunak tokiz mugitu eta bakarrik utzi dituztenean pasatu izan dituzte zailtasunik handienak, baina une honetan, «moralez ondo daude, eta beti horrela ateratzen dira, argazkietan bezala, irribarrea ahoan dutela».
Amundarainek eta Gonzalez de Langarikak, beti dute buruan beraien alaben eta haien umeen etorkizuna. Gonzalez de Langarikak dionez, «beti pentsatu izan dut; heltzen direnean, zer pentsatuko dute honetaz guztiaz? Ze ume asko daude egoera horretan, eta heltzen doazen heinean galderak izango dituzte, eta garrantzitsuena gurasoekin, ateratzen direnean ondo konpontzea da».
Egoera politiko berriak itxaropentsu izateko motiboak ematen dizkie, baina kosta egiten zaie horrelako promesak sinistea. Ana Mari Amundarainek garbi azaldu du: «hainbeste urte daramatzagu etorkizunaz hizketan… zenbat aldiz entzun dugun, ‘bai, oraingoan konponduko da’, edo ‘laster dira denak kalean’… baina denak berdin jarraitzen du».
Haien alabak bisitatzera joaten direnean ikusten duten indarrak eta irribarreak, ordea, beraiei ere indarra atera arazten die. «Askotan pentsatu izan dut, bizitzak aurrera egiten du, eta guk ere aurrera egin behar dugu. Umeak gure laguntza behar du, eta aurrera egin behar da».