«Kooperatibarekin artzainen elkarlanerako erreminta sortu dugu»
Mariano Imaz (Ataun, 1958) orain hiru urte sortu zuten Latxaesnea kooperatibako lehendakaria da. Artzaina da lanbidez, eta artaldea du Ataunen, bizitoki duen Aiztondo baserrian. Aitagandik ikasi zuen ofizioa, eta garai onak eta txarrak bizi izan dituela aitortu du. Orain hiru bat urte jo zuen behea esnegintzaren sektoreak, enpresa handiak artzainei esnerik ez erosteko hartutako erabakiaren ondorioz. Imazek dioenez «drama handia» izan zen hura artzain askorentzat, eta testuinguru hartan zerbait egin beharra zegoela ikusita sortu zuten Latxaesnea kooperatiba Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako artzainek.
Mariano Imaz (Ataun, 1958) orain hiru urte sortu zuten Latxaesnea kooperatibako lehendakaria da. Artzaina da lanbidez, eta artaldea du Ataunen, bizitoki duen Aiztondo baserrian. Aitagandik ikasi zuen ofizioa, eta garai onak eta txarrak bizi izan dituela aitortu du.
Orain hiru bat urte jo zuen behea esnegintzaren sektoreak, enpresa handiak artzainei esnerik ez erosteko hartutako erabakiaren ondorioz. Imazek dioenez «drama handia» izan zen hura artzain askorentzat, eta testuinguru hartan zerbait egin beharra zegoela ikusita sortu zuten Latxaesnea kooperatiba Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako artzainek.
Nolakoa zen sektorearen egoera kooperatiba sortu aurretik?
Esne enpresa handiek artzainoi esnea erosteari utzi zioten 2010aren hondarrean. Esne soberakina zutela esan zuten, eta ez zutela gehiago erosteko beharrik. Ardiak jezteko kanpainarekin bat egin zuen egoerak. Gipuzkoan urtarrila inguruan hasten gara ardiak jezten, Nafarroan eta Araban beranduago, otsaila inguruan. Ondorioz, artzain askok artaldeak antzutu behar izan zituzten, esnea bota…
Egoera zaila bizitzea tokatu zitzaizuen hortaz.
Egoera kritikoa zen, eta haren aurrean zerbait egiteko beharrean aurkitu ginen. Lau lurraldetako artzainak biltzea erabaki genuen, arazo hari irtenbide bat aurkitzeko asmotan. Gure aldarrikapenak helarazi genizkien administrazioei. Erantzun baikorra jaso genuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietatik, baita sektoreko elkarte eta nekazaritza arloko sindikatu guztien aldetik ere. Nafarroako gobernua, aitzitik, ez zen inplikatu.
Lehenengo pausoak izan ziren horiek?
Administrazioek eta bestelako eragileek erakutsitako babesari esker, enpresa handiek beraien jarrera malgutu egin zuten, eta batzuk behintzat artzainoi esnea biltzen hasi ziren. Hala ere, aurretik bezala esne litroaren salneurriak finkatu gabe jarraitzen zuen, artzainok ez genekien saldutako produktu horregatik zenbat kobratuko genuen, ezta noiz kobratuko genuen ere. Enpresa batzuek aurrez ordaindutakoaren erdia ordainduko zigutela jakinarazi ziguten, eta gainera, artzain askok oraindik aurretik saldutakoa kobratzeko zuten.
Orduan hartu zenuten kooperatiba sortzeko erabakia?
Arazoa sakonagoa zela ohartu ginen, eta sektoreak jarraipenik izatekotan zerbait egin beharra zegoela ikusi genuen. Hortik etorri zen kooperatiba sortzeko erabakia. Artzain talde bat ibili ginen hasiera haietan buru belarri. Batetik, estatutuak egiten, guk geuk eginak dira guztiak, artikuluz artikulu. Bestetik, lan administratibo eta burokratikoek ere denbora eraman zuten. Baina hori ez zen dena izan, kooperatiban artzainen aldetik parte hartzea sustatu nahi genuen. Hala, elkarlanerako erreminta sortu dugu.
Baina horrekin ez ziren arazoak amaitu, ezta?
Lau lurraldetako 25 bazkiderekin hasi zuen bidea kooperatibak. Baina, martxan jarri eta segituan trabak sortu zitzaizkigun gaztandegi handien aldetik. Ez zuten gurekin harremanik izan nahi, beraientzako mehatxu gisa ulertu zuten kooperatiba. Gure asmoa, ez zen inondik inora inoren kontra joatea. Kate berdinean geundela eta elkarren osagarri izan behar genuela aldarrikatu genuen. Hasiera, dena den, gogorra izan zen.
Zailtasunak zailtasun aurrera, egitea lortu zenuten, hala ere.
Enpresa handiekin ez bezala, enpresa ertainekin aitzindariak izan ziren kontratuak lortu genituen. Kontratu horietan artzainok saltzen genuen esne kopurua zehazten zen, baita zein preziotan saltzen zen eta zenbat denborako epean kobratu behar genuen ere. Edozein pertsonak lan egiteko behar dituen oinarrizko baldintzak ezartzea lortu genuen. Aitzindari eta mugarri izan ginen zentzu honetan, ordura arte ez baitzegoen horrelakorik; salneurria bera ere enpresek erabakitzen zuten, adibidez.
Hortik gutxira Europak berak ere zentzu horretan pausoak eman zituen.
Aurten Europak artzainen eta enpresen arteko kontratuak derrigortu eta arautu egin ditu. Orain arte, hutsune legal handia zegoen zentzu honetan. Hala ere, enpresa handiek berean jarraitzen zuten, eta kosta egin zitzaien Europak esaten zuena ere sinistea. Poliki-poliki jarrera aldatuz joan dira eta azkenean, gugana hurbildu dira. Pasa den ikasturtean zortzi kontratu sinatu genituen enpresa ertain eta handiekin.
Gauzak, azkenean, bide onetik joaten hasi ziren orduan.
Onurak bi aldeentzako izan dira. Batetik, enpresek aurrez dakite zenbat esne jasoko duten, eta ekoizleek badakite zenbat ekoiztu behar duten. Zer esanik ez, prezioan edo ordaindu beharreko epeetan lortutakoak. Bestalde, esnearen kalitatea ere hobetu egin da, araudi honi esker kalitate kontrolak pasatzera behartuta gaudelako. Oso zorrotzak izan gara zentzu horretan gure bazkideekin.
Zein da gaur egun bizi duzuen egoera?
Sinistekoa ez bada ere, gaur egun, ekoizten duguna baino eskaera handiagoa daukagu, eta esnea ekoizten duten artzainak falta zaizkigu. Enpresekin lortutako kontratuek egoera errotik aldatu dute. Guretzat zaplastako handia izan zen enpresen boikota, baina benetan nola geunden ohartzeko balio izan zigun. Hil hala biziko apustua egin genuen eta orain, ametsetan ere irudikatuko ez genukeen egora bizi dugu.
Esne ekoizle gehiago behar dituzue, hortaz?
Euskal Herriko artzainak gonbidatu nahi ditugu kooperatibara. Artzaintzarentzat ez ezik, sektorearentzat berarentzat ere irtenbide delako. Bazkide berrientzako erraztasunak ere jarri ditugu, ordaindu beharreko kapitalari dagokionean etab. Interesa duen edonork 672 24 71 45 telefonora deitu dezake.
Zein da kooperatibaren etorkizuneko plan estrategikoa?
Esne salmentari dagokionez, ekoizle guztiek prezio berdinak kobratzea da gure helburuetako bat. Esnea bakarrik ez, gazta ekoizten ere hasi gara. Sektorearen alor guztietara iristea da gure azken asmoa, elkartasunetik ikusten baitugu indarra.