Amets Bide dantza taldea, 1960ko hamarkadan, sortu berritan, ateratako taldeko argazkian.
Dantzaren ametsak bide luzea egin du Ordizian. Amets Bide taldeak 50. urteurrena du, eta aspaldiko ongien ospatuko du, gainera. Sortu zenetik gaurdaino, bidean koska asko gainditu behar izan ditu, hala ere. Ezintasunak gaindituta, lehengo eta oraingo dantzariek igandean batera dantza egingo dute, Dantzari Egunean.
Lehenengo zailtasuna sorreratik beretik izan zuen. Elizaren estalkipean sortu zuten Amets Bide, 1964an. Entseatzean «ezkutuan bezala» hasi ziren, eta kanpora begira lehen saioa hurrengo urtean egin zuen, Herri Antzokian. «Baina hasi eta berehala inguruko herrietan emanaldi dezente egin zituzten», dio taldeko kide Izaro Intsaustik.
Goierrin atzera euskal kultura indartzen hasia zen, eta Ordiziako dantza taldea izan zen aurrenekoetako ernamuina. Urretxuko Lurra 1965ean sortuko zuten, Lazkaoko Oin-Arin 1966an. Amets Bide 18-20 urteko 30 bat pertsonak osatu zuten hasieran.
Hurrengo eragozpena ere, garai hartan ohikoa zena: mutilek soldadutzara joan beharra. «Gorabehera handiak izan zituen taldeak horrekin, mutilik gabe dinamika bat sortzeko arazo handiak izan zirelako. Neskak, askotan, Beasaingo mutilekin elkartu izan dira, dantza taldea osatu ahal izateko». Inguruko herrietako dantzarien elkartasunarekin gainditu zituzten ordiziarrek gabeziak. Iraupenarekin kezkatuta, ordea, eta Jakintza ikastola ere bazenez, ikastetxe harekin lotu zuten taldea, gero.
Urte askoan Jakintza izenean
Ikastolak utzitako lokaletan hasi ziren Ordiziako dantzariak entseatzen, eta Amets Bideri hala aldatu zioten izena, eta Jakintza bihurtu. Duela bi-hiru urte arte iraun du hala, taldearen izaerarako eta etorkizunerako aldaketa erabakigarria suertatu zen arte.
Ordizian, bi dantza talde daude gaur egun: Amets Bide eta Urdaneta —izen bereko eskola publikokoa—. «Ikusten genuen, orain bi-hiru urte, umeen artean betiko tirabirak sortzen zituela bitasun horrek. Eskolen arteko liskarrean sartzea oso tristea zen».
Izen zaharra berreskuratu, eta tirabirak gainditzen saiatu ziren duela lau urteko azken «garai kritikoan». Erabateko batasuna ez zen mamitu ahal izan, hainbat funtzionamendurengatik.
Taldea erakuslerik gabe gelditu zen, asko unibertsitatera ikastera joan zirelako. Intsaustik eta beste lagun batek hartu zuten ardura. «Bi erakusle gelditu ginen, eta geneuzkan ume guztiak hartu genituen». Baina Amets Bidek beste erabaki garrantzitsu bat ere hartu zuen: helduei dantza ikastaroak ematen hastea. Horrek, denborarekin, helduen taldea gorpuztea ekarri du.
«Euskal Herrian hain tradizio garrantzitsua izanik dantzarena, helduak zergatik ez hasi? Ematen du lotsagarria dela haiek dantza egitea». Talde batekin ekin, eta «oso erantzun ona» izan du egitasmoak harrezkero. Urtero izan dira ikastaroak, «zenbaitetan 75-80 lagun biltzeraino».
Ikastaroetan ikasitakoarekin konforme ez, eta partaideek jarraipena eskatzen zutenez, duela bi urte helduen taldea sortu zuen Amets Bidek. 25 bat dantzari ditu, hogei urtetik hirurogeira bitartekoak. «Oso giro ona izaten da, eta garrantzitsua da hori. Ostiralean elkartzen gara entseguetan», dio Edurne Saezek, Amets Bideren lehendakariak.
Ondo pasatzeaz haraindi, dantza taldeko nerabeek aurrera segitzeko modua dute orain. «Lehen 12-13 urterekin utzi egiten zuten. Jarraipena ematea pentsatu genuen, eta lortu dugu».
Umetan dantzari zirenak orain haurren erakusle era badira, eta «zikloa» itxi dute. «Orain bermatuta daukagu beti gure kezka izan dena: taldeak irautea. Harrobia jorratzen ari gara, eta asko zaintzen dugu transmisio hori. Ez dugu amesten hamarreko dantzariak edukitzearekin; guretzat hobea da dantzaz gozatzea eta taldetxoa giro onean eta gustura ibiltzea», dio Intsaustik. Zailtasun ugari igaro arren, «garai oso onean» dago gaur egun Amets Bide.
Eskualde mailako lanketa
Sasoiaren eta giro onaren seinale, dantza suspertzeko asmoa Ordiziatik kanpora hedatzen ari da. Goierrin Erromeria Bira sortzeko ideia darabilte, beste herrietako taldeekin batera. «Dantza ikastaroetan ohiko fandango eta arin-arinak ikasita non dantzatu ez daukala esaten digu jendeak. Erromeria gutxi daude Goierrin». Hileko azkeneko igande arratsaldean erromeriak antolatzea da asmoa, herri jakin batzuetan. Ikasturte osoan, irailetik ekainera izango lirateke. Irailean, Oianguko erromeria berreskuratu nahi dute ordiziarrek, eta ekainean San Pedro bezperako jaiarekin bukatuko litzateke.
«Goierriko taldeak ere aktibatuko gaituela uste dugu, gure artean harremana estutu, eta hortik zer lanketa sor litekeen ikusteko», azaldu du Intsaustik. Dantzari Txiki egunetatik harago joan nahi dute, dantzaren inguruan taldeen «hausnarketak» partekatu. «Ikusten dugu Ibarra, Tolosa, Villabona edo Donostia aldean beste urrats batzuk egiten ari direla dantza alorrean, eta guk ere ea zer egin dezakegun. Hango irakasleak etortzen dira hona; harremana badugu. Denen artean indarra egin eta aurrera jo nahi dugu, taldeak ez desagertzeko».
Dantzari gizartean balioa ematea ere lortu nahi dute, kultur tradizioaren ezinbesteko osagai den aldetik. Erronka ugari ditu Amets Bidek. Lehena, 50. urteurreneko ospakizunak. Dantzari ohi asko ari da entseguetan parte hartzen, eta igandean 110 bat lagun elkartuko dira, Ordiziako eta gonbidatutako beste herrietako dantzari txikiekin batera.
Saezek dioenez, «bigarren aukera» eman diete orain dantza egiteko. «Nik 14 urterekin utzi nuen. Berrogei urteren ondoren, berriz animatu gara. Nirekin ibilitako 21 lagun elkartu gara. Batzuk Donostiatik edo Tolosatik etortzen dira entseguetara. Erabat murgilduta eta pozik gabiltza».
Txikitako oroimena berritzeaz gain, alabarekin talde berean dantza egiten du Saezek. «Niretzat, pozgarria da hori, izugarri baloratzen dut». Dantzan, ametsak egia bihur baitaitezke Ordizian.
Mende erdia ospatzeko lehenengo ekintza, Dantzari Eguna, etzi
Amets Bidek antolatutako Ordiziako III. Dantzari Eguna berezia izango da, igandean. Mende erdiaren lehenengo ospakizuna izango da, eta garai batean dantzan ibilitako 110 lagun batuko zaizkie dantzari txikiei. 11:00etan elkartu, eta herrigunean desfilean ibiliko dira, tarteka dantza saioak eginez. 13:15ean, Barandiaran Plazan saio bateratua izango da, arreta dantzari zaharrei emanda. Denek batera bazkalduko dute gero.
Egun hori «motz» gelditu zaiela aitortu dute, eta urte bukaerarako beste ikuskizun bat prestatzen ari dira, plazan atzera dantzari guztiak elkartzeko. Taldearen historia biltzen ere ari dira: testigantzak, agiriak eta argazkiak.