Lasaren familiari elkartasuna eta babesa adierazi diote sindikatuek
Lan istripuak saihesteko «berehalako neurriak» eskatu dituzte, eta lan ereduari egotzi diote Lasaren heriotza. Azken hilabetean bost langile hil dira Hego Euskal HerrianJoan den astelehenean Olaberriko Ogei enpresan metalezko pieza batek azpian harra...
Lan istripuak saihesteko «berehalako neurriak» eskatu dituzte, eta lan ereduari egotzi diote Lasaren heriotza. Azken hilabetean bost langile hil dira Hego Euskal Herrian
Joan den astelehenean Olaberriko Ogei enpresan metalezko pieza batek azpian harrapatuta hil zen Iñaki Lasa lazkaotar langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo eguerdian sindikatuek Karobi industrialdearen sarreran dagoen biribilgunean. Lasaren senide, lankide eta gertukoei elkartasuna adierazteaz gain, horrelako istripuak ez errepikatzeko neurriak hartzeko eskatu zuten.Bi izan ziren atzo egin ziren salaketa kontzentrazioak, gehiengo sindikalak deitua bata, eta CCOOk deitua bestea. Ordu erdiko protesta bana izan ziren. LAB sindikatuko Goierriko arduradun Oihana Lopetegiren esanetan, lan istripuak ez dira kasu isolatuak: «Lan eredu konkretu baten ondorio dira, etekinak lehenesten dira langileon lan-baldintza eta gure bizitzen gainetik, eta argi ikusten dugu lan erritmo azkarrek eta etekinak lehenesteak ondorio larriak dauzkatela».
Lopetegiren iritziz, ez da nahikoa lan istripuak salatzea, baizik eta sistema osoa eta lan eredua aldatzeko egin behar da borroka. «Horrek neurri zehatzak hartzea eskatzen du».
Murrizketen ondorio
Ildo berean hitz egin zuen ELAko Andoni Larraldek. Krisiaren aitzakian langileen lan baldintzei eragiten dieten hainbat neurri hartu direla iritzi dio, eta horrek eragin zuzena duela ezbehar kopuruan. «Aurten, Hego Euskal Herrian gutxienez 19 dira beraien lanpostuetan hildako pertsonak, eta horietatik bost azken hilabetean izan dira. Onartezina da, eta berehalako neurriak ezartzeko deia egiten dugu».
Administrazioari, Osalani eta enpresari kasua ikertzeko eskatu die CCOOko Kerman Galartzak, horrelako heriotzak berriro gerta ez daitezen. Langileei ere kontuz ibiltzeko eta segurtasun neurri guztiak hartzeko eskatu die.
Beasaingo Sortuk lan baldintza duinen alde lanean jarraitzeko deia egin du ohar bidez.












