Kubaren zati bat Ormaiztegin, ‘Por amor se ve’ erakusketarekin
Maria Pilar Horrego artista kubatarraren lanek osatzen dute. Erakusketa ekainaren 14ra arte dago ikusgai kultur etxean. Koadroak salgai jarri ditu artistak hala nahi duenarentzat.
Horrego GOIERRIKO HITZAren paper birziklatuz egindako koadroarekin, atzo. Josune Zarandona Maria Pilar Horrego (La Habana, Kuba, 1963) artista plastikoaren Por amor se ve erakusketa uztailaren 14ra arte ikusgai dago Ormaiztegin. Martxoaren 8aren harira erakusketa egiteko gonbita egin zioten udaletxetik Horregori. 25 bat lanek osatzen dute erakusketa eta kultur etxeko areto nagusian, hallean eta gizarte etxeko tabernan jarri dituzte ikusgai. Koadroak salgai ere badaude, 100, 150 eta 200 euroan. Interesatuak 616 458 633 telefonoan jarri daitezke artistarekin harremanetan.
Artista kubatarra abenduan iritsi zen Ormaiztegira eta oraindik egokitzen ari da, «ez da erraza zerotik hasi behar izatea», aitortu du. Familiaren babesa, behintzat ez zaio falta, «anai-arrebak orain dela hiru urtetik bizi dira Legazpin eta semea iaz etorri zen», zehaztu du. Artista ezaguna da Kuban, eta Lationamerikan, hainbat erakusketa egin ditu La Habanako Kapitolioan eta beste erakustoki batzuetan. Gaur egun, erakusketa finko bat du Kanadan, beste 17 artistekin batera. Orain, erronka bere obra Euskal Herrian ezagutzera ematea da.
Kubako egoera
Erakusketan emakume kubatarrak dira protagonista nagusiak, baina paisaia edo behar sozialak bezalako gai ezberdinak ere lantzen ditu koadroetan. «Inocencia izeneko koadroan, adibidez, kubatarrak une honetan dituzten beharrei egiten die erreferentzia», dio. Izan ere, Kuba «egoera zailean» utzi zuen etorri zenean Horregok, «hornidura energetikoaren faltak» eragindakoa neurri handi batean. Gauzak aldatzen hasi direla dio, «petrolioa ustiatzeko neurri berriak hatrzen hasi da gobernua; orain arte ez genuen lehengaia lantzeko baliabiderik. Ekialdeko Habanan gas naturala sartzekotan dira sukaldatu ahal izateko. Hori aurrerapauso handi bat da. Kubatarrok ez dugu esperantzarik galtzen», kontatu du.
Lan guztiak Ormaiztegin daraman denboran egindakoak dira. «Kolorea eta formak nabarmentzen dira bereziki, eta herrialde Latinoameriketako klima beroa iradokitzen dute. Nire estiloa surrealismoa eta pintura figuratiboaren arteko uztarketa bat dela esan daiteke», zehaztu du artistak. Margolanen oinarria diren paperak ere berak egiten ditu material ezberdinak birziklatuz, «tabako-zuntzak edo egunkarietako paperak» erabiliz. GOIERRIKO HITZAren paperarekin egindako koadro bat ere ikusgai dago.
Proiektu honekin ateratako diruaren zati bat La Habanako Martires de Regla eskolari laguntzeko erabiliko du. «Pandemia garaitik ari naiz laguntzen, familia behar handiak dituzten haurrak hartatzen dituzte bertan», dio.
Proiektuak epe motzera
Egokitze prozesu betean, hainbat proiektu ditu buruan; guztiak artearekin lotutakoak eta bere ibilbide profesional oparoan ikasitako guztia uztartu eta irakasteko helburuarekin. «Haurrei pintura ikastaroak ematea gustatuko litzaidake, mineralekin egiten diren tintei buruzkoa eta paper manufakturatua egiten irakasteko», dio. Adineko pertsonei zuzendutako beste proiekturen bat ere badago bere asmoen artean.
Erakusketa asteartetik igandera bisitatu daiteke hallean eta tabernan, 10:00etatik 20:00etara. Horrego astearte eta ostegunetan izango da bertan 16:15etik 18:10era, erakusketari buruzko azalpenak emateko.





















