Maider Unanue eta Oier Zubeldia txapeldun Txindokiko Kilometro Bertikalean
Era berean Euskal Herriko Kilometro Txapelketa irabazi dute aramarrak eta amezketarrak. Haize zakarrak baldintzatu du gaurko proba. 159 korrikalari osatu dute ibilbidea.
2026ko Txindoki Kilometro Bertikaleko podiuma, Larraizko ermitaren atarian. Txindoki KB Goiz erdian sortu diren haize bolada zakarrek baldintzatu dute gaur Larraizko ermitatik (Abaltzisketa) Txindokiko gailurrera jokatu den Kilometro Bertikalak. Berrehun korrikalari zeuden izena emanda, eta horietatik 160 izan dira irteeran, eta bakarra izan da ibilbidea osatu gabe gelditu den korrikalaria. Hasierako korrikalariak binaka atera dira 30 segundoka, eta azken 30ak banaka.
Maider Unanue aramarra (46:22) eta Oier Zubeldia amezketarra (36:50) izan dira probaren irabazleak, eta horrenbestez, Euskal Herriko Kilometro Bertikalen txapelketa ere irabazi dute. 2.000 euro –Logikaline enpresak eta Abaltzisketako Udalak mila eurona– ere bazeuden jokoan gaur Juan Mari Garin zizurkildarrak 1993an jarritako marka hobetzen zuenarentzat (33:34), baina bistan da hurrengo batean beharko duela. Hona sailkapen osoa.
Antolakuntza talde berria izan du aurten Txindokiko Kilometro Bertikalak. Aitor Otamendik nabarmendu du “dena borobil” atera dela, eta eragozpen bakarra haizea izan dela. Larraitzen bertan haizeak gogor jotzen zuen, eta mendian zeresanik ez. Boluntarioei eta korrikalariei eskerrak eman dizkie izan dute jarrerarengatik, eta hurrengo urtekoa antolatzeari begira jarrita daudela dagoeneko.
SAILKAPENAK
Gizonezkoak
- 1. Oier Zubeldia (Amezketa). 36.50
- 2. Thomas Darrodes (Bagneres de Bigorre). 37.55
- 3. Jokin Tolosa (Anoeta). 37.56
Emakumezkoak
- 1. Maider Unanue (Arama). 46.22
- 2. Leire Elola (Tolosa). 46.59
- 3. Eider Zubeldia (Amezketa). 47.19












