Finalerdietarako txartelaren bila
Ligako titulua eskuratzeko final laurdenetan da Ampo Ordizia. Burgos izango du aurkari igandean, 12:30ean; autobusa antolatu dute.
Ampo Ordiziako taldekideen argazkia, artxiboko irudi batean. Hitza Ampo Ordizia errugbi taldeak denboraldiko erronka nagusietako bati ekingo dio asteburuan, ligako titulua eskuratzeko play offetako final laurdenak jokatuta, Burgosen aurka. Norgehiagoka igandean izango da, 12:30ean, eta fase berri honetako partida guztiak bezala, neurketa bakarrean erabakiko da kanporaketa. Ondorioz, garaipenak zuzenean finalerdietarako sailkapena emango lioke Goierriko taldeari.
Denera, zortzi talde ari dira lehian: Valladolid, Cisneros, Burgos, Liceo Frances, Ordizia, Alcobendas eta La Vila. Goierritarrek azken unean eskuratu zuten play offetarako txartela, bigarren faseko azken jardunaldian El Salvador taldeari etxean irabazita. Testuinguru bereziki estuan iritsi zen garaipen hori, izan ere, porrotak jaitsiera fasea jokatzera behartuko zituen; aldiz, garaipenak titulurako lehian sartzeko aukera zabaldu zien.
Alain Araña taldeko kapitainak azaldu duenez, taldeak «ahalik eta indartsuen» jokatu nahi du asteburuko hitzorduan, kontuan hartuta kanporaketa partida bakarrera dela eta «edozer gerta daitekeela». Azken jardunaldietako tentsioa atzean utzita, taldeak arnasa hartu duela nabarmendu du: «Jaitsiera saihesteko borrokan aritu gara, eta horrek intentsitate handia eman die partidei. Orain presio hori gainetik kenduta, giroa askoz positiboagoa da».
Taktikan sakontzen
Azken neurketatik igaro den hilabeteko tartea «baliagarria» izan da Ordiziarentzat. Batetik, atseden hartzeko eta karga fisikoa doitzeko aukera izan dute, baita lesionatuta zeuden jokalariak berreskuratzekoa ere. Bestetik, entrenamenduetan jokoaren xehetasunak lantzen jarraitu dute, gehiegizko kargarik gabe baina erritmo lehiakorra mantenduta. Azken astean, berriz, arreta berezia eskaini diote aurkariaren analisiari.
«Aukerak aprobetxatu behar ditugu eta defentsan sendo aritu, bestela berehala zigortzen dute»
«Guretzat oso garrantzitsua da zaleen babesa. Etxean jokatzen dugunean nabarmen sentitzen dugu, eta halako partida batean ere ezinbestekoa izango da»
Alain Araña. Ampo Ordizia taldeko kapitaina
Ildo horretan, Arañak ohartarazi du Burgos talde sendo eta egituratua dela, azken urteetan egonkortasuna lortu duena. Bigarren fasea azpitxapeldun amaitu izanak erakusten du haren maila lehiakorra. «Oso ondo dakite zertara jokatzen duten, eta elkarren arteko ezagutza handia dute. Aurrealdean indartsuak dira, eta atzealdean espazioak uzten badizkiezu, oso azkarrak eta eraginkorrak», azaldu du.
Zaleen bultzada
Hala ere, Ordiziak bere aukeretan sinesten du. Partida osoan zehar kontzentrazioa mantentzea eta akatsik ez egitea funtsezkotzat jo du jokalariak: «80 minututan deskonexiorik ez izatea gakoa izango da. Aukerak aprobetxatu behar ditugu eta defentsan sendo aritu, bestela berehala zigortzen dute».
Azkenik, zaleen papera ere azpimarratu nahi izan du jokalariak. Klubak Burgoserako autobusa antolatu du, eta eserleku guztiak bete dira; goizeko 9:00etan aterako dira Altamiratik eta 19:00etan egingo dute itzulera. Horrez gain, zale ugari bere kabuz ere bertaratzea espero da, hurbileko desplazamendua izanik. «Guretzat oso garrantzitsua da zaleen babesa. Etxean jokatzen dugunean nabarmen sentitzen dugu, eta halako partida batean ere ezinbestekoa izango da», ondorioztatu du.













