Herriaren bultzadaz, gailurrera
2002an egin zen I. Zegama-Aizkorri maratoia. Mende laurdena betetzen du aurten. Gerora txertatu zuten Junior Traila, eta ondoren Kilometro Bertikala. Zegamaren izena eta izana gorenera eraman dute lanean aritu diren boluntarioek.
Boluntario eta antolatzaileak Ricardo Mejia mexikarrarekin 2006an –urte hartako irabazlea izan zen–, eta atzean Aizkorri. Zegama-Aizkorri Mende laurdena beteko du Zegama-Aizkorri mendi maratoiak aurten. 25 urteotan, lasterketa horrek hartu duen sona handia den arren, hasierako izaerari eutsi dio: herritik sortua izan zen herritarren antolakuntzari esker, eta herriari lotutako filosofia horri heltzen dio egun ere. Zegama munduko mapan kokatzea lortu dute maratoiaren bidez, eta boluntariotzak herritarren arteko saretzea ekarri du.
Alberto Aierbe (Zegama, 1957) izan zen Aizkorrin mendi lasterketa bat egiteko aurreneko ideia bota zuena. 1990eko hamarkadako azken urteetan, Zegamako biztanlerian beherakada gertatzen ari zen, etxebizitzarik ez zegoen eta inguruko herrietara mugitzen hasiak ziren orduko gazteak. Juan Inazio Galdos alkate zela, Zegamako industrialdea eta etxebizitza bloke dezente eraiki ziren. Horrek ordura arteko inertzia aldatzea eragin zuen, eta inboluzio bat eman zen. «Herria puntu horretan zegoen», azaldu du Aierbek. Galdosi Aizkorriko Lagunen Eguna egitea bururatu zitzaion, eta Amezti Mendi Elkartera jo zuen. Bilera horretan bota zuen ideia aurreneko aldiz Aierbek. Bileratik irtetean, Julian Beloki elkartekidea gerturatu zitzaion ideia interesgarria zela esateko, eta horrek «pizgarri bat» eman zion Aierberi: «Akordatzen naiz hurrengo egunean etxean Espainiako Mapa Topografikoa hartu, Aizkorri hartu eta trazatu bat egin nuela».
2001a iritsi zen, eta uztaileko lehen igandean Aizkorriko Lagunen Eguna egin zen. Berriro inguratu zitzaion Beloki Aierberi: «’Hemen badago zuk esaten duzuna egin beharko litzatekeela esaten duen bat…’ eta Antxon Bandres zen, Euskal Mendizale Federazioko lehendakari izana». Maratoi bat egin beharko litzatekeela esan zion Bandresek Aierberi, eta Aierbek erantzun zion bazuela trazatu bat jada egina. «Ez zen maratoiko distantzia, eta ez zen Aizkorritik pasatzen, Santi Espiritutik eta kanaletik gora Aketegiko puntara joaten zen», azaldu du Aierbek, Zegamako eliza paretik kanala seinalatuta.
2001eko uztaila zen, eta irailean Goyo Larrañaga Euskal Mendi Federazioko mendi lasterketetako zuzendariarekin bilera egin zuten: «Mendira joan ginen eta maratoi distantzian ibilbidea egokitu genuen. Hori izan zen hasiera».
Erreportaje osoa Goiberri.eus webgunean.












