Olaberria Herriarteko txapelketan estreinatuko da larunbatean
Lazkaok, Zegamak eta Zumarragak itzuliko partidak jokatuko dituzte. Lehen biek eskuz, hirugarrenak gomazko paletaz.
Hiru urteren ondoren Olaberriak Herriartekoan lehiatzeko taldea osatu du berriz ere. Hitza Olaberriak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako larruzko paleta eta pala motzeko kanporaketako joanekoa jokatuko du Azpeitiaren aurka etxean, bihar, 10:00etan hasita. Lehenengo partidan etxeko Soberon-Garrido bikoteak Garaizar-Alkortaren aurka joktuko du larruzko paletaz.
Bigarren partidan Naldaiz-Olaran olaberritarrek Martija-Sanchez aurkari izango dituzte pala motzez, 11:00etan. Itzulikoa hurrengo astean Azpeitian jokatuko dute.
Hiru herrik, itzulerakoak
Goierriko hiru taldek Herriartekoaren itzulikoak jokatuko dituzte asteburuan: Lazkaok eta Zegamak eskuz; eta Zumarragak gomazko paletaz.
Lazkaok itzulikoa Joxemiel Barandiaran pilotalekuan jokatuko du, igandean, maiatzaren 10ean, 10:30ean hasita. Amezketan aritu ziren ostiralean Larrunarri pilotalekuan, eta kanporaketa aldapan gora jarri zitzaien hiru partidetatik bi galdu zituztelako. Kadeteetan Lazkaoko Imanol Arrieta eta Eneko Estensorok 22-17 irabazi zieten Gorostidi-Saralegiri. Jubeniletan, Agirre-Esnaolak 16 / Fresneda-Gorostidi 22; eta seniorretan Ander Garmendia eta Manex Garmendiak 22-6 galdu zuten B. Gorostidi-E. Gorostidi bikoaren aurka.
Zegamak itzulikoa Antzuolan jokatu beharko du gaur, 18:30ean. Joanekoan hirutik bi partida irabazi zituen etxeko Toki-Alai frontoian. Kadeteetan Ormazabal-Landak 22 / Insausti-Iturbek 2; jubeniletan, Izagirre-Landak 22 / Aranburu-Iturbek 2; eta afizionatuetan, Telleria-Galdosek 8 / Mendizabal-Balerdik 22.
Zumarragak Tolosako Beotibarren jokatuko du gomazko paletako itzulikoa, gaur, 21:00etan hasita. Joanekoan Zumarragako Mikel Egiburuk eta Agirre-Rodriguez bikoak irabazi zuten, eta Josu Vianak galdu.













