
Gipuzkoako Foru Aldundiak Partaidetzako Aurrekontuak egitasmoa abian jarri du, bere aurrekontuaren zati baten erabilera herritarrekin batera adosteko. Goierriren kasuan, lau milioi jarri ditu goierritarren esku: bi Goierri beheko bizilagunen esku eta beste bi Goierri garaikoen esku. Orain arte egin diren bileretan, herritarrek egitasmoak proposatu dituzte eta aste honetan batzar irekiak egingo dira horietako hamar aukeratzeko.
Herritarrek hiru bide eduki dituzte proposamenak aurkezteko: eskualdeko herrietan egin diren bilerak, postontziak eta Interneta. Ondoren, Aldundiak egitasmo horiek guztiak aztertu ditu.
Batzuk alde batera utzi ditu, bi baldintza nagusiak betetzen ez zituztelako: alde batetik, gaia Aldundiaren eskumenekoa izatea eta, bestetik, eskualde izaera izatea (herri bat baino gehiagotan garatzea). Beste batzuetan, Aldundiak proposamenak elkartu egin ditu, gai berari buruzkoak zirelako.
Goierri beheko bizilagunek 145 egitasmo aurkeztu dituzte. Aldundiaren galbahe lanaren ondoren, 121 izango dira aste honetako batzarrean aztertuko direnak. Goierri garaiko bizilagunek, berriz, 100 proposamen inguru aurkeztu dituzte eta aste honetako bileran 61 aztertuko dira.
Goierriko bizilagunek egindako proposamenen artean, mota guztietakoak daude: landa bideak, turismoa eta aisia, nekazaritza, landa garapena eta natura, berrikuntza eta ekintzaileak, ingurumena, mugikortasuna, bidegorriak eta errepideak, adinekoak, gizarte politikak, elkartasuna, berdintasuna, euskara, kirola eta kirol instalakuntzak, kultura…
Bilerak, gaur eta etzi
Bai Goierri behean eta bai Goerri garaian aste honetan bertan batzarrak egingo dituzte hamarna proposamen aukeratzeko. Ondoren, Aldundiari hautatutako egitasmoen zerrenda helaraziko diote. Honek, horien bideragarritasuna aztertuko du.
Goierri garaiko batzarra gaur bertan egingo dute, 18:30ean, Uggasa garapen agentziak Urretxun duen egoitzan: Mugitegi industrialdea, C bidea, 18. pabilioia.
Goierri beheko bilera, berriz, ostegunean izango da. 18:30ean elkartuko dira proposamenak aztertzeko, Goieki garapen agentziaren egoitzan: Ordiziako Mallutz industrialdeko 29. pabilioian. Batzar hauetan nahi duten herritar guztiek parte har dezakete.
Goierritarrek aurkeztu dituzten proposamen guztiak
aurrekontuakhobetzen.eus webgunean daude.