Pilota mundura, Amporen eskutik
Euskal Pilota Federazioak ‘Euskal Herritik Mundura Ampo txapelketa’ aurkeztu du. Urrian Argentinan jokatuko den Munduko txapelketa du helburu.
Euskadiko Pilota Federakuntzak eta Ampok Euskal Herritik mundura Ampo txapelketa aurkeztu dute gaur goizean enpresak Idiazabalen duen egoitzan. Josune Zarandona Euskadiko Pilota Federakuntzak eta Ampok Euskal Herritik mundura Ampo txapelketa aurkeztu dute gaur goizean enpresak Idiazabalen duen egoitzan. Txapelketa berria Euskal Pilota Selekzioaren prestaketa prozesuaren barruan kokatu dute, urrian Argentinan (Hego Amerika) jokatuko den Munduko Txapelketari begira.
Txapelketaren helburu nagusiak bi direla azpimarratu dute aurkezpenean: «Batetik, hautzatzaileei pilotariak benetako lehiaketa testuinguruan ikusteko eta baloratzeko aukear ematea; eta bestetik, Euskal Pilota Selekzioa herriz herri ikusgarri egin eta herritarrengana gerturatzea».
Txapelketa zazpi espezialitate ezberdinetan jokatuko da: larruzko paleta, pala motza, eskuz banaka gizonezkoak frontoi osoan, eskuz binaka gizonezkoak, eskuz banaka emakumezkoak lau terdian, zesta punta banaka gizonezkoak 36 metroko frontoian eta zesta punta banaka emakumezkoak 36 metroko frontoian.
Lehiaketa bihar hasiko da, guztira zazpi jaialdirekin eta ekainaren 7an amaituko da Burgelun (Araba), zesta puntako finalekin. Aurretik, ekainaren 6an, erremintako finalak jokatuko dituzte Sopelan (Bizkaia) eta ekainaren 7an, eskuzko modalitateetako finalak Zumarragan. Bitartean, txapelketa Euskal Herriko hainbat udalerritan barrena garatuko da eta Goierrin hainbat geldialdi egingo ditu: Ordizian, Olaberrian, Beasainen, Urretxun, Idiazabalen, Seguran, Lazkaon eta Zumarragan. Guztira, 30 jaialdi inguru antolatuko dituzte, «txapelketaren izaera ibiltaria eta lurralde mailako zabalkundea bermatzeko».
Balio estrategikoa
Euskal Pilota Federakuntzaren iritziz, txapelketa honek «balio estrategiko handia» du. Kirol ikuspegitik, hautatzaileei «pilotarien egungo maila, lehiarako gaitasuna eta errendimendua» aztertzeko bitartekoak emango dizkielako batetik, eta «Euskal Pilota Selekzioaren irudia indartzeko, pilota espezialitateen aniztasuna erakusteko eta Munduko txapeketaren atarian selekzioaren inguruko interesa indartzeko» balioko duelako, bestetik.
Amporen babesarekin, eta txapelketa hartuko duten udalen eta kluben «ezinbesteko laguntzarekin», Euskal Herritik Mundura Ampo Txapelketak selekzioaren jarduna herrietara eramango du, «goi mailako pilotariak lehian jarriz eta euskal pilotarien etorkizun estrategikoari begirako urrats garrantzitsua emanez», azpimarratu dute. Federazioak «txapelketaren babesle nagusi gisa egindako apustuagatik» Ampori eskerrak emateko baliatu zuen atzoko agerraldia.
Goierriko lehenengoak
Idiazabalen eta Urretxun jokatuko dituzte igandean (11:30) txapelketa honen baitako Goierriko lehenengo kanporaketak modalitate ezberdinetan. Idiazabalen Igarondo pilotalekuan, eskuz banakako emakumezkoen lau terdiko kanporaketan Arrizabalaga Agirreren aurka arituko da A taldean eta Gaminde, Ruiz de Infanteren aurka B taldean. Gizonezkoen eskuz binakako kanporaketa Azketa-Garmendia eta Hormaetxe-Balderdiren artean jokatuko da.
Urretxuko Ederrenan jokatuko dira, bestalde, Alday eta Bergararen (A taldea) eta Erasun eta Etxegarairen (B taldea) arteko partidak eskuz banakako emakumezkoen lau terdiko modalitatean. Gizonezkoen eskuz binakako kanporaketan, Labaka-Bernaola eta Egiguren-Elorz bikoteak arituko dira lehian.
Datozen asteetan jokatuko dira Goierriko hurrengo kanporaketak: maiatzaren 16an, Seguran eta Ordizian; maiatzaren 23an, Lazkaon eta Olaberrian eta azkenik, maiatzaren 31n Beasainen.













