Haurrak protagonista eskolan
Pareta zuriak dira nagusi Ezkio-Itsasoko haur eskola berrian. 40 urte baino gehiago egon dira herrian eskolarik gabe; aurten, ordea, eraikin berria dute Santa Lutzin.Herri eskolan haur bakoitzaren neurri eta erritmoa errespetatzen dute. Hala azaltzen d...
Pareta zuriak dira nagusi Ezkio-Itsasoko haur eskola berrian. 40 urte baino gehiago egon dira herrian eskolarik gabe; aurten, ordea, eraikin berria dute Santa Lutzin.
Herri eskolan haur bakoitzaren neurri eta erritmoa errespetatzen dute. Hala azaltzen du Edurne Bidekieta zuzendariak: «Ez dugu haurra gauzak egitera behartu nahi». Bat datoz Maider Otegi eta Simone Begiristain lankideak Bidekietarekin.
40 urte baino gehiago egon dira eskola gabe Ezkio-Itsason. Iaz, udaletxeko ganbaran izan zuten herri eskola, eta bederatzi ziren ikasleak. Aurten hemeretzi dira, eta lau irakasle. Duela urte gutxi Udalak proiektua abian jarri zuen Guraso Elkartearen eta Hezkuntza Sailaren onarpenarekin. Eskola berriaren obra guztia udalak ordaindu du, eta hornikuntza eta pertsonalari dagokiona, berriz, Hezkuntza Sailak. Hala ere, Guraso Elkarteak lan handia egin duela nabarmendu dute, eta izugarrizko lankidetza eta babesa izan dutela proiektu honetan.
Banakoaren garrantzia
Eskola txikiek ez dute eskola handiek bezala funtzionatzen, ez da kontu berria. Haur kopurua txikiagoa izaten da, eta beraz, haurrari hezkuntza «pertsonalizatuagoa» emateko aukera ematen die irakasleei. Horretan indar eta lan handia egiten ari direla nabarmendu dute. Izan ere, bi urtetik lau bitarterako haurrak dituzte eskolan, eta guztiak batera ibiltzen dira: ez dago adin sailkapenik. Ohiko fitxa eta liburuak ere, ez dituzte erabiltzen. «Beharraren arabera moldatzen gara», dio Begiristainek.
Aske, baina arauekin
Lau gela nagusi daude eskolan: sormenaren gela, psikomotrizitate gela, irakurketa gela eta jostailu eta lo egiteko gela. Irakurketa gelan izan ezik, beste hiru geletan haurrak «nahi bezala» ibiltzen dira. Horrek ez du esan nahi haurrek ez dutenik mugarik edo araurik, ez. Haurrek arau eta mugak dituzte, baina muga horien barruan aukera dute nahi duten ekintzetan aritzeko. Hau da, haur batek aste guztian zehar marrazkiak egin nahi baditu, hala egiteko aukera izango du. Ume bakoitzak erabakitzeko gaitasuna izatea nahi dute, horregatik ematen diote garrantzia handia norbanakoari. Gainera, haur bakoitzak bere erritmoa duela nabarmendu dute, eta hori errespetatu egin behar dela. Horregatik ez dituzte behartzen haurrak hainbat ekintza egitera, eta beraien hitza «oso kontutan» hartzen dute. «Umeen prismak eta gureak ez du zerikusirik», adierazi du Begiristainek. Beste irakasleak ere bat datoz, eta horrela guztiek ikasten dutela azaldu dute.
Ingeleseko klaserik ez dute. Susana Vega irakaslea haurrekin ingelesez komunikatzen da, berdin dio zein gelatan dabiltzan haurrak. Beraiekin ingelesez hitz egiten du, horrela ingelesa «naturaltasunez» hitz egiten ikasten dute haurrek.
«Umeen prismak eta gureak ez du zerikusirik. Denok asko ikasten dugu» Simone Begiristain (Irakaslea) «Badakigu bide eta lan luzea dugula aurretik, baina oso gogotsu gaude» Edurne Bidekieta (Zuzendaria eta irakaslea) «Zerbait egiten badugu beti helburu batekin izango da, dudarik gabe» Maider Otegi (Irakaslea)Herri proiektua Etorkizunari ilusioz begiratzen dio zuzendariak. «Badakigu bide eta lan luzea dugula aurretik, baina oso gogotsu gaude». Ilusioa bidelagun, eskola betetzea dute helburu. Proiektu hau ez da hezkuntzarekin lotutakoa soilik. «Herriko topagunea» izatea lortu nahi dute. Eskolaz gain, eraikinaren beheko aldean taberna bat dago. Ondoan, berriz, parkea. «Elkartzeko txokoa» izan daitekeela esan du Otegik. Jakin badakite oraindik joera dagoela herri txikietako haurrak inguruko herri handiagoetara eramatekoa, askotan, gurasoek lan egiten duten herrira. Proiektu honekin, baina, gurasoek haurrekin parkean jolasteko aukera izango dute. Hala azaldu du Otegik: «Harremanak sortzea ahalbidetuko du eskolak». Eta irakasleak, zer? Gauzak helburu batekin egiten dira Ezkio-Itsasoko eskolan. «Zerbait egiten badugu, beti helburu batekin izango da, dudarik gabe», mintzatu da Otegi. «Ez dugu idatziko idazteagatik, adibidez». Ez dute uste irakasleak esaten duelako haurrek zerbait egin behar dutenik, funtzionalitatean dagoela gakoa sinesten dute. Horrela, ekintza bakoitza helburu bati lotuta doa, denak du zergatia. Esaterako, gelan gutun bat idatzi behar badute, zerbaiten berri edo eskerrak emateko izango da, eta idatzi ondoren, eskutitz hori zuzendu zaionari eman egingo zaio. «Ez da zaku huts batera joango idatzitakoa», azaldu du Begiristainek. «Bizitza bera horrelakoa da, eta ahalik eta gauza errealenak egiten ditugu», gaineratu du Bidekietak. Bestalde, haur bakoitzaren txostena egunero egiten dute irakasleek, egunerokoa balitz bezala. Haur bakoitzak eguna zertan eman duen idazten dute bertan; zer egin duen, nola sentitu den, nola portatu den eta norekin ibili den, esaterako. Haurraren ekintzen jarraipen pertsonala egiten dute, beraz. Izan ere, eta bat datoz hiru irakasleak, haurrak dira partaide eta protagonista nagusiak, eta metodologia honen bidez txikien hitzak kontuan hartzen dira.
Azaro hasieratik martxan da jangela zerbitzu berria Hilabete hasieran hasi zen jangela zerbitzua Ezkio-Itsasoko eskolan. Bertatik Bertara egitasmoaren barnean dago eskolako jangela: baserritarrekin kontaktuan daude eta beraien produktuak kontsumitzen dituzte. Menuak egiteaz Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionista arduratzen da, eta beraz, bertako produktuekin egindako menua jaten dute egunero haurrek. Eskolako zuzendariak egindako eskaera izan zen hau, haurren elikadurak arduratzen zuelako. Udalari proposamena egin, eta nutrizionista jartzea erabaki zuten: «Oso pozik gaude: haurrak ondo elikatuta daude, profesional baten bidez», azaldu du.













