Herriarteko Txapelketa gaur hasiko da
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan Zumarragak gaur jokatuko du Tolosaren aurka, gomazko paleta modalitatean. Lazkaok Amezketan, eta Zegamak etxean Antzuolarekin ekingo diote txapelketari.
Lazkaoko Herriarteko taldea. Goierriko sei herrik hartuko dute parte gaur hasiko den Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan: eskuz, Lazkaok, Zaldibiak eta Zegamak; erremintaz, Lazkaok, Olaberriak eta Ordiziak; eta gomazko paletarekin Zumarragak. Lehen jardunaldia jokatuko dute gaur Zumarragako gomazko paletako taldeak Tolosan, 21:00etan, eta Lazkaoko eta Zegamako esku pilotako taldeek bihar.
Gomazko paletazko lehiaketan zortzigarren edizioan 18 herri lehiatuko dira. Zumarraga goierritar bakarra izango da. Zumarragako taldea sei kidek osatzen dute: Jon Andueza, Josu Viana, Mikel Egiburu, Mikel Rodriguez, Pedro Rodriguez eta Beñat Agirre. Adinaren arabera kategoria ezberdineko jendez osatuta dago taldea. Horregatik, jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatuko dira. Final hamaseirenetako joanekoa jokatuko dute Tolosan, eta itzulikoa etxean, maiatzaren 10eko asteburuan. Herriartekoan zazpigarren parte-hartzea du, seigarrena jarraian.

Zumarragako Herriarteko taldea.
Eskuz
Lazkaok, Zegamak eta Zaldibiak eskuzko modalitatean parte hartuko dute, hirurak txapelketan behin baino gehiagotan atera dira. Beasainek eta Ataunek ez dute parte hartuko. Aurtengoa, 58. eskuzko edizioa izango da, eta 24 herrik parte hartuko dute.
Lazkaok Amezketako Larrunarri pilotalekuan jokatuko ditu Herriarteko Txapelketako final hamaseirenak, bihar, 18:00etan. Hauek ere hiru bikote izango dira lehian bihar: kadetetan Imanol Arrieta eta Eneko Estensoro, jubeniletan Iñaki Esnaola eta Beñat Agirre, eta azkenik, seniorretan Manex Garmendia eta Ander Garmendia. Lazkaon itzuliko partida jokatuko dute, maiatzaren 10eko asteburuan.
Zegamak etxean jokatuko du Antzuolaren aurka, 18:30ean. Hortaz, itzulikoa Antzuolan jokatu beharko dute bihar taldeko sei pilotariek: Amets Izagirre, Jurgi Landa, Eneko Ormazabal, Enaitz Landa, Iñaki Galdos eta Egoi Telleria.
Zaldibia, aldiz, final-zortzirenetan sartuko da txapelketan, eta Albiztur edo Astigarraga izango du aurkari.
Zaldibiaren 17. aldia izango da Herriartekoan, eta bost urte jarraian doa taldea ateratzen. 2024an azpitxapeldun izan zen. Lazkaoren 16. aldia izango da, eta iaz lortu zuen berriro ere taldea ateratzea sei urteren ondoren. Zegamak zazpigarren parte-hartzea du, 17 urte eta gero.
Erramintazko espezialitatea
Hamar herri ariko dira larruzko paleta eta pala motzezko 25. edizioan. Goierritarren artean, Olaberria izango da hasten lehena, final-zortzirenetan, Azpeitiaren aurka –joaneko partidak etxean, itzulikoak kanpoan–. Sailkatuz gero, Donostia izango du aurkari final-laurdenetan.
Ordiziak eta Lazkaok final-laurdenetan ekingo diote txapelketaren bideari, maiatzaren 22-24ko asteburuan. Lehenak Andoain izango du aurkari, eta bigarrenak Deba. Hauek ere etxean dituzte lehen partidak, eta itzulikoak kanpoan.
Olaberria 26. aldiz ariko da Herriartekoan, eta 3 urteko hutsunearen ondoren berriz itzuli da lehiara. Sei aldiz atera da txapeldun, eta bitan txapeldunorde.
Ordizia Goierriko parte-hartze gehien dituen herria da –35.a aurtengoarekin–, eta 1991tik huts egin gabe aritu da. Behin txapeldun izana da, eta bitan azpitxapeldun.
Lazkaok 13. aldia du, eta 5 urtean kale egin eta gero, aurten taldea osatzeko moduan izan da.
Herriarteko zesta-punta txapelketaren 27 edizio daude eginak. Aurten, ordea, ez da egingo bi herrik bakarrik eman zutelako izena.













