'Zozomikote'-ri eguzkia dario
Euskal kondaira zaharreko aro horren izenarekin badute Ordizian pertsonaia bat, kaldereroen ikur bihurtu dena. Ipuina atera dute orain, herriko toki, kontakizun eta balio ugari hedatzeko.Zozo bikoteak habia egiteko garaia. Lehen bi hitzen elkarketatik ...
Euskal kondaira zaharreko aro horren izenarekin badute Ordizian pertsonaia bat, kaldereroen ikur bihurtu dena. Ipuina atera dute orain, herriko toki, kontakizun eta balio ugari hedatzeko.
Zozo bikoteak habia egiteko garaia. Lehen bi hitzen elkarketatik omen dator zozomikote. Kondaira unibertsal baten aroa ere badira zozomikote egunak: artzaina martxo bukaerako negu igaroaren ahuldadeaz trufatu, hark apirilari bi egun eskatu, eta eguraldi txarra eginda hondatu zuenekoa. Ordizian, horiez gain, badu beste esanahi bat, atzodanik: Zozomikote ipuina.Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak idatzi, eta Jokin Mitxelenak ilustratu du. Udalak 20 orrialdeko liburuxka argitaratu du. Aitor Furundarenak abesti bat ere konposatu du, Zubizarretak Zaldibiako joko batetik hartutako letrarekin. Ordiziako ikastetxeetan banatuko dute aurki, unitate didaktiko gisa.
Zozomikote pertsonaia Ordizian kaldereroen «izarra» da, Jose Miguel Santamaria alkateak dioenez. «Duela urte gutxitik berezi bihurtzen ari da, eta Ordiziaren ondare kulturalaren parte ere bai. Figura hori indarra hartzen ari da». 2014ko otsailean aurkeztu zuten Zozomikote, plazan, Xabier Arañak diseinatutako irudia karakterizatuta. Erraldoi bat ere eraiki dute aurten.
Hainbat balio eta helburu biltzen ditu bere baitan Zozomikote ipuinak. Batetik, festaren alaitasuna dakar: «Pertsona dibertigarri, alproja, pikaroa da. Azoka duten herrietan badira halako pertsonaiak. Eskuluzea, lapurra, parranderoa, bizizalea», azaldu du Patxi Zubizarretak.
Denbora galduen esanahia
Agustin Domaika ordiziarrak planteatu zion Zubizarretari ipuina idazteko, duela lau urte. Bi irakurketa ditu: «7-10 urteko haurrentzat, eta 3-7koentzat PDF modura. Eskola guztietara bidaliko dira, baita partitura ere. Ordiziaren eta kaldereroen erreferentzia-ikur izan dadin nahi dugu», dio Domaikak.
Ordiziako konpartsek bultzatu dute, Erramun Amundarain ere tarteko. «Ardatza bezala denbora hartu dugu, galtzen ari baita ondare kultural hori. Zotal egunak, udako solstizioa, negukoa, San Martin Txikiko uda aroa… Ea osatzen joaten garen. Haurren kulturan, batez ere, galtzen ari dela iruditzen zaigu», dio Amundarainek.
Ordizian kokatua egonagatik, Zubizarretak ipuina «unibertsala» dela dio, Goierri osokoa.