Inauguratu dute eskola
Ezkio-Itsasoko herri eskolaren inaugurazio ofiziala egin zuten igandean. Herritar asko bertaratu ziren, eskolaren eraikina barrutik ezagutzeko. Dantza, bertsoak eta pintxoak izan zirenEzkio-Itsasoko herri eskola 2014an jarri zuten martxan, Udaletxeko g...
Ezkio-Itsasoko herri eskolaren inaugurazio ofiziala egin zuten igandean. Herritar asko bertaratu ziren, eskolaren eraikina barrutik ezagutzeko. Dantza, bertsoak eta pintxoak izan ziren
Ezkio-Itsasoko herri eskola 2014an jarri zuten martxan, Udaletxeko ganbaran. Iazko irailean, berriz, behin betiko eraikina estreinatu zuten, udaletxe zaharra zegoen lekuan. Ordutik, herriko hemeretzi haurren oihuek eta algarek bete dute eraikina. Inaugurazio ekitaldi ofiziala egin gabe zegoen oraindik, ordea, eta igande eguerdian egin zuten. Eraikina barrutik ezagutu eta Topa tabernako pintxoak jateko aukera izan zuten herritarrek.Ekitaldi hunkigarria izan zen. Hasteko, herriko bi dantzari gaztek aurreskua dantzatu zuten eraikinaren aurrean. Ezkion bizi den Mikel Mendizabal bertsolariak, berriz, hainbat bertso abestu zituen. «Ume bakoitza arrazoi bat da / heziketaren neurrian / […] / gaur hemeretzi arrazoi daude / eskola honen oinarrian / balore eder bikainagorik / ba ote dago herrian», abestu zuen, herritarren txalo zaparrada artean.
Garikoitz Aiesta alkateak ere hartu zuen hitza. «Denbora gehiegian egon gara eskolarik gabe, baina lanketa luze baten ondoren martxan dago altxor txiki hau», adierazi zuen, herritarren lanaren ondorioz egindako lorpenarekin harro. «Hori da gure xedea eta ildoa: herrigintza egitea eta herritarrei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzea». Esker ona adierazi zien Aiestak Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari, Uggasari, Eskola Txikien Elkarteari, gurasoei, irakasleei, herritarrei eta eskolaren sorreran zerikusia izan duten guztiei.
Alkatearen hitzaldia amaituta, eraikinaren barruan jarraitu zuen ekitaldiak. Izan ere, eskola batean norbaitek protagonista izan behar badu, haurrak dira horiek. Irakasleekin batera, Txulalai dantza egin zuten. Gero, denek batera, Benito Lertxundiren Zenbat gera kanta abestu zuten, haurrek, helduek, irakasleek eta gainontzeko guztiek. Letra moldatua zuen, eskolari erreferentzia eginez, eta bati baino gehiagori malkoak ihes egin zion. Arantzazu Calvok biolinarekin eta Jon Goenagak teklatuarekin girotu zuten ekitaldia.